EAEKo hauteskundeak

Ibarretxeren ustez PSOEk "hauteskunde kalkuluen arabera" erabakiko du Aukera Guztiak elkarteari aurkezten utzi edo ez

Eusko Jaurlaritzako Lehendakari Juan Jose Ibarretxek esan duenez, Aukera Guztiak hautesle elkarteak EAEko hauteskundeetara aurkezterik izango duen edo ez PSOEk erabakiko du, "hauteskunde kalkuluen arabera". 'Euskadi Irratian' egin dioten elkarrizketan gehitu duenez, berak "gehiengo osoa baino nahiago" du "Aukera Guztiak hautesle elkarteak aukera izatea". EAEko hauteskundeen ondoren bi negoziazio mahai irekiko direla dio: bat, "hemen, Estatutu proposamenari buruz eztabaidatu, gehiengoa areagotu eta gatazka politikoa gainditzeko"; eta bestea, Espainiako Gobernuarekin egin beharreko negoziazioa egiteko, "ezin baita onartu Espainiako Kongresuak Eusko Legebiltzarreko proposamen bati eztabaidatu ere egin gabe ezetz esatea".

2005eko martxoaren 17a
16:44
Entzun
Espainiako Fiskal Nagusi Candido Conde Pumpidok Aukera Guztiak hautesle elkarteari buruz esandakoa "ikaragarria" dela iritzi dio Ibarretxek. Juridikoki, "seriotasunez hitz egin behar" dela azpimarratu du, eta zentzu horretan, hauteskundeetara aurkezteko "eskubide osoa" dutela.

Hala ere, azken erabakia PSOE alderdiak hartuko duela uste du Ibarretxek, "hauteskunde kalkuluen arabera". "Beraien esku dago. Guk gehiengo osoa ateratzea baino nahiago dugu Aukera Guztiak elkarteak hauteskundeetan parte hartzea".

Batasuna "agente politiko bat" dela, eta haiekin ere hitz egin behar dela esan du "legebiltzarrean egon edo ez". Izan ere, Ibarretxeren iritzian, "irtenbideak bilatzeko behar beharrekoa da" Batasunarekin hitz egitea. Hori nola egin, hauteskundeen ostean erabaki beharko dela esan du, "gero gerokoa".

Batasunak Anoetan egindako "Orain herria, orain bakea' ekarpena "positiboa" dela esan du, baina azpimarratu du, "hitzetatik ekintzetara" pasatu behar dela. "Uste dut Batasunak politika egiteko autonomia gehiago behar duela, eta egingo dutela espero dut", esan du.

Bi negoziaketa mahai

Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek iragarri du, legealdi berrian bi negoziaketa prozesu irekiko direla. Mahai horietako bat "hemen, gure artean" osatuko da, "proposamenaz eztabaidatzeko, gehiengo oso hori handitzeko eta akordio bat lortzeko gatazka politikoa gainditzeko". Beste mahaia, berriz, Espainiako Gobernuarekin osatu behar dela dio, izan ere, bere iritzian, "ezinezkoa da Espainiako Gorteek ezetz esatea negoziazio prozesu bat ireki ere egin gabe".

Azpimarratu duenez, berari "joko arauak errespetatzeko" eskatzen diote, eta berak bete ditu, izan ere Gernikako Estatutuak eskatzen duen "gehiengo osoa" lortu zen Eusko Legebiltzarrean. "Ezinezkoa da ezetz esatea" dio, "negoziazio prozesurik gabe". Espainiako Kongresuari Konstituzioa urratzea leporatu dio, "Konstituzioak esaten du batzorde mistoa osatu behar dela proposamena negoziatzeko, baina ezetz esan ziguten". Irratian esan diote, Espainiako Gobernutik Ibarretxeri berari leporatzen diotela "Konstituzioa gainditzea". Horretaz hitz egin daitekeela erantzun dio Ibarretxek, "negoziatu dezakegu ezta?".

Ausardia eskatu dio Zapaterori

Jose Luis Rodriguez Zapaterok Espainiako Gobernuko presidente karguan urtebete bete du oraintsu, eta Ibarretxek dio "irribarreez eta talante berriaz gain" zerbait gehiago jarri behar duela mahai gainean. "Ausardia politiko gehiago izan behar dugu gauzak konpontzeko". Irribarreak oso garrantzitsuak direla esan du, baina "horretaz gain zerbait gehiago behar dela".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.