Ekonomia

Ibarretxeri gutuna eman dio Hiruk, sindikatuaren kontrako espedientea ixteko eskatzeko

Eusko Jaurlaritzako lehendakariari gutuna emateaz gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioen eta Arartekoaren sostengua eskatuko du garraio arloko sindikatuak.

2009ko otsailaren 9a
14:24
Entzun
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxeri gutuna eman diote gaur goizean Hiru sindikatuko ordezkariek, Gasteizen, Ajuria Enearen aurrean protesta elkarretaratzea egin ostean. Gutunean bere sostengua eskatu diote Ibarretxeri, Lehiakortasunaren Defentsarako EAEko Auzitegiak garraio sindikatuaren aurka irekitako zigor espedientea artxiba dezala eskatzeko. Horrez gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioen eta Arartekoaren sostengua eskatuko du garraio arloko sindikatuak.

Hiruko idazkari tekniko Esteban Muruamendiarazek salatu du halako zigor espedienteekin (500.000 eta 10 milioi euro arteko zigorra ezarri nahi diote sindikatuari) Lehiakortasunaren Defentsarako EAEko Auzitegiak "gutxi" egiten duela lehiakortasuna defendatzeko. Hala, beste instituzioei babesa galdegingo diotela iragarri du, "ia lortzen dugun espediente hori geraraztea eta auzitegi horren lan egiteko modua aldaraztea".

Muruamendiarazen hitzetan, Lehiakortasunaren Defentsarako Auzitegiak ez du ekiten erregaien prezioan lehiakortasunarik ez egotearen kontra, "zeren eta gasolindegi guztiek eskaintzen dituzte ia-ia prezio berberak", ezta telefono zerbitzuetan ere. Gainera, gogor kritikatu du auzitegi horrek ez duelako espedienterik irekitzen "enpresaburuek soldaten moderazioa gomendatzen dutenean".

"Lehiakortasunaren Defentsarako EAEko Auzitegia langile klasearen eskubideen kontra ekiteko sortua dago; ikusi besterik ez dago martxan jarri dituen espedienteak", salatu du Hiruko ordezkariak.

Sindikatuen babesa

Joan den ostiralean Hiru sindikatuaren alde agertu ziren ELA, LAB, CCOO, STEE-EILAS, ESK eta EHNE sindikatuetako ordezkariak. Hiruren kontra hasitako zigor espedientea artxiba dezala eskatu zioten sindikatuek Eusko Jaurlaritzari. Honen menpeko Lehiakortasunaren Defentsarako Auzitegiak Hiru sindikatua zigortu nahi du, iaz garraiolariei, erregaien prezioaren gorakadaren aurrean, "modu duinean lan egiteko" tarifak igotzeko "gomendatu" zielako. Sindikatuari 500.000 eta 10.000.000 euro arteko zigorra ezartzen ahal dio auzitegiak, hots, gehienezko zigorra, "lehiakortasun arauak urratu" izana leporatuta.

ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz, LABekoa, Ainhoa Etxaide eta CCOOkoa, Unai Sordo, Hiruko idazkari nagusi Patxi Agirrerekin batera azaldu ziren ostiralean Gasteizen, zigor espediente horrek "sindikatuaren bukaera" eragin dezakeela ohartarazteko, eta eskaera neurriz kanpokoa dela salatzeko.

Sindikatu horiez gain, EILAS, ESK eta EHNEk ere izenpetu zuten komunikatua. Horretan, Eusko Jaurlaritzari espedientea "berehala" artxibatzeko eskatzen diote, "aurrekari arriskutsua delako askatasun sindikala murrizteko".

"Hiruk egindako delitu bakarra hau izan da: garraiolari autonomoentzako lan baldintza duinak publikoki eskatzea eta haiei ohartaraztea inola ere ez dutela beren segurtasuna eta euskal errepideetako beste erabiltzaileenak arriskuan jarriz lan egin behar", nabarmentzen dute komunikatuan.

Hala, Hiruri sostengua adierazi dioten beste sindikatuen iritziz, hura "erruduna" da, "baina garraiolariei ezinezko bidaiak ezinezko baldintzetan egin ahal izateko errepideetan hil ez daitezela gomendatu izateagatik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.