Pasaiako zentral termikoa (Gipuzkoa) ixteko asmoa duela baieztatu du gaur Iberdrolak, eta eguerdian ixteko proposamena aurkeztu du Espainiako Gobernuaren Industria Ministerioan. Azken horrek hartu beharko du Iberdrolaren eskaeraren gaineko erabakia. Enpresako iturrietatik esan dute erabaki hori bost edo sei hilabete barru emango dutela.
Iberdrolak bi arrazoi eman ditu zentrala ixteko. Batetik energia eskaera jaitsi dela, eta bestetik ingurumen arazoak sortzen dituela. Hala, enpresaren komunikazio sailetik esan dute oraindik ez dakitela zentralarekin harremana duten erakundeekin —inguruko udalak, portua…— enpresaren buruek hitz egin ote duten. 1967an zabaldu zuten Donibaneko zentrala, energia sortzeko Errusiatik ekarritako ikatza erabiltzen du: Pasaiako portuaren trafikoaren %20 ingurukoa da ikatz horren joan-etorria.
67 langilek lan egiten dute egun Donibaneko egoitzan. Enpresako komunikazio arduradunek esan dute langile horiei hainbat aukera emango dizkietela. Hala, aurre erretiroak egingo dituztela aurreikusi dute, eta gainontzeko langileei Iberdrolaren beste lantegietan lanean jarraitzeko aukera emango diete.
Santurtziko (Bizkaia) zentral termikoan antzeko prozedura jarraitu dutela nabarmendu dute enpresatik.
Aralar "pozik" agertu da itxieraren aurrean, Pasaiako zentral termikoa"azpiegitura zaharkitua eta kutsakorra delako".