Elkarrizketa, errespetua eta bakea eskatzeko Milakabilaka ekimenaren manifestazioa bihar arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Bilbon, baina hasieran pentsatu bezala Areatzatik barik Guggenheim aurretik. Uribitarten barrena joango da, Udaletxeraino. Hau da, hasieran pentsatutako ibilbidea egingo du manifestazioak, baina kontrako noranzkoan.
Bilboko Udalak eskatuta aldatu behar izan dute ibilbidea, Guggenheimekin hitzarmena baitute museoaren atarian halako ekitaldirik amai ez dadin. Beraz, Guggenheimen bukatu ordez hasi egingo da.
Ohar hori egiteaz gain, Milakabilakaren kantua aurkeztu dute gaur ekimenaren bultzatzaileek. Izan ere, Koldo Izagirreren eta Ramuntxo Etxeberriaren testu batean oinarrituta kantua osatu du Fermin Muguruzak. Muguruzak eta beste zenbait musikarik, besteak beste, Manu Chaok, Marina Ojos de Brujok, Gambeatek, Mouss et Hakimek, Yacine Cheb Balowskik, Rudek, Miriam Mataharik eta Leire Etxeandiak parte hartu baitute.
Hain zuzen ere, musikari askoren artean egindako kantua dela azpimarratu du Muguruzak, prozesua arriskuan dagoela-eta premiazko behar bati erantzuten diona. Hain zuzen ere, prozesua hautsi ez dadin bere ekarpena musika hori egitea izan dela adierazi du. Prozesua aurrera eramateko baldintzak indarkeriarik eza eta eskubide guztien errespetua direla iritzi dio musikariak, eta egoera hori bultzatzea duela helburu.
Politika
Ibilbidea aldatuta, Guggenheimetik abiatuko da Milakabilakaren manifestazioa
Hasieran pentsatutakoaren kontrako noranzkoan egingo du ibilbidea, Udaletxeko zubiraino. Koldo Izagirreren eta Ramuntxo Etxeberriaren testu batean oinarrituta Fermin Muguruzak kantua egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu