Hilabetean gehienez ere 25 euro ordaindu beharko dute maiztasunez Gipuzkoako errepideetan ibiltzen diren ibilgailu arinek. Hori da foru aldundiak egin duen proposamena eta, aurrera egingo balu, orain arte bidesaririk ez duten lehen mailako errepideei eragingo lieke finantzaketa foru arau berriak.
Arkupe sistemaren proposamenak aurrera egingo balu, N-1, A-15, G-632 eta N-121 errepideetako erabiltzaileei eragingo lieke. Arau horren bidez, Gipuzkoako erabiltzaileek ez dute ezer ordainduko, jasoko dituzten diru laguntzen bidez. Maiztasun jakin batekin Gipuzkoako errepideetan ibiltzen diren gainontzeko lurraldeetako ibilgailu arinek, berriz, 25 euroko kuota ordainduko lukete hilean.
Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak adierazi duenez, aldundiak proposamena landu du, baina gainontzeko lurraldeetako ordezkariekin hitz egingo dute aurrera ateratzeko.
Alde horretatik, proposamena "modu erabat irekian" planteatu du aldundiak, eta "gainontzeko erakundeen proposamen eta ekarpenak entzuteko eta aztertzeko prestasuna" agertu du. Adierazpen horiek Nafarroako Gobernuko Sustapen kontseilari Luis Zarralukirekin izandako bileraren aurretik egin ditu Ugartek, gaur goizean.
Egun, AP-1 eta AP-8 errepideetan gipuzkoarrentzat jarrita dago 25 euroko gehieneko kopuru hori, T-Bidea txartelaren bidez, eta sistema berarekin funtzionatuko luke orain aldundiak proposatu duen arkupe sistemak.
Proposamena Europako Batzordeari aurkeztu zion aldundiak. Arkupe sistema jarri nahi du martxan: guztira, hamalau arku jarri nahi dituzte: zazpi N-1ean, hiru G-632an, hiru A-15ean eta bat N-121ean.