Osasun egoera larrian daudela argudiatuta, Ibon Fernandez Iradi eta Ventura Tome euskal presoak berehala aske uzteko eskatu du Jaiki Hadi elkarteak. Bilbon agerraldi bat egin dute elkarteko kideek eta bi presoen konfiantzazko sendagile Endika Intxaustik eta Mikel Urrak, eta argudiatu dute espetxea ez dela "lekurik egokiena" gaixotasunei aurre egiteko.
Esklerosi anizkoitza du Fernandez Iradik, eta Lannemezango espetxean (Frantzia) dago preso. Ventura Tomek, berriz, prostata minbizia du, eta Murtziako kartzelan (Espainia) dago preso. Fernandez Iradiren kasuan, Intxaustik azaldu du bi urte igaro direla osasun arazoak izaten hasi zenetik eta orain dela hilabete antzeman ziotela esklerosi anizkoitza. Intxaustik ohartarazi du gaixotasun larria dela, sendaezina, eta kalte fisiko eta psikologikoak eragiten dizkiela gaixoei. "Gertutik" jarraitu beharreko gaitza dela adierazi du, eta, beraz, kartzela ez dela "leku egokia" gaineratu du.
Tomek 59 urte ditu. Urrak adierazi du oraindik ez diotela tratamendurik jarri, gaixotasuna zenbateraino hedatu duen jakin arte. Argudiatu du espetxeko bizimodua ez dela "egokiena" minbiziari aurre egiteko, eta ondorioztatu du libre egon beharko lukeela.