Ibon Iparragirre preso gaixoa Euskal Herriko espetxe batera ekarriko dute gaur, Basaurira (Bizkaia) edo Zaballara (Araba), datorren astean duen epaiketa batean parte har dezan. Bere senideek BERRIAri adierazi diotenez berez egon behar zuen gaur eguerdirako Euskal Herrian, atzo atera zutelako Alcala Meco-ko espetxetik. Oraindik, ordea, ez dakite non dagoen euskal presoa, ez baitiete jakinarazi iritsi den edo non dagoen.
Epaiketa urriaren 20an egingo dute, Bilboko epaitegietan, Albiako lorategietan. Preso sozial batek Iparragirre salatu zuen iaz Basauriko espetxean gertatu zen istilu bategatik, eta horregatik epaituko dute. Epaiketa baliatuz bilkura bat egingo dute Bilbon epaitegiaren atarian (sartzen duten lekuan) Iparragirreren egoera salatzeko.
Iparragirreren salaketa atzera bota zuten
Preso sozialak salatu du iazko apirilaren 14an Iparragirrek kosk egin ziola, eta GIB birusa duenez kutsatu egin zuela. Iparragirrek, berriz, hori ez zela horrela gertatu esan du hasieratik. Preso ondarrutarrak dio preso sozial horrek, kafesnea aurpegira bota ostean jo egin zuela eta eraso horregatik salaketa ere aurkeztu zuen. Berea, ordea, atzera bota zuten, preso sozialarenak aurrera egin duen bitartean.
Beste kasu batzuetan gertatu den bezala, asteburuan Alcala Meco-n eskatuta zituen bisitak errespetatuko dizkiotela espero dute senideek, eta bihar bertan berarekin egon ahal izatea. Igandean Ondarroan manifestazioa egingo dute bere egoera salatzeko, eta datorren asterako ere hainbat mobilizazioa ari dira prestatzen. Iñigo Urkullu lehendakariak ere aske uzteko eskatu du gizatasun arrazoiengatik.
Aske zuteko eskaerak Eusko Legebiltzarrean
Urkulluk adierazi du azken egunetan Iparragirreren egoera hobetzeko lanak areagotu dituela Eusko Jaurlaritzak. Eusko Legebiltzarrean EH Bilduren galdera bati erantzunez eman ditu azalpen horiek. Lehendakariak gogorarazi du Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak iaz Iparragirre aske uzteko eskatu zuela, Jaurlaritza neurri horren aldekoa dela, eta legediak neurri hori jasotzen duela larriki gaixo dauden presoentzat.
Julen Arzuaga EH Bilduko parlamentariak gogoratu du 2011n aske utzi zutela gaixo dagoelako eta atzera gero berriro sartu zutela espetxean beste zigor bat betetzeko. Arzuagak salatu du espetxealdiak bere gaixotasunagatik jaso behar duen tratamentua jasotzea oztopatzen diola, eta bere osasuna arriskuan jartzen duela. "Ezin du espetxean egon, kartzelaldia ez da bere gaixotasunarekin bateragarria".
"Muturreko egoeran"
Alcala Mecoko espetxean dute preso Iparragirre, eta bere ingurukoek aspaldian ohartarazi dute bere osasun egoeraren larritasunaz. "Muturreko egoeran" dagoela salatu izan dute. Ibonen anaia Gotzon Iparragirre Eusko Legebiltzarrean izan zen maiatzean preso gaixoaren egoeraren berri ematen. Ohartarazi zuen larri dagoela, besteak beste, ia ikusmenik ez du eta hiesa dauka. Tratamendua ez hartzea egozten diote presoari, baina anaiak azaldu zuen kaltegarria zaiolako ez duela hartzen. Urtebetean ia hamar kilo galduak zituen. Laguntza eskatu zuten askatu ahal izateko.
Uztailean Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak ukatu egin zion hirugarren gradua Iparragirreri. Aurrez ere eskatu zuen neurri hori aplikatzeko. Atzera bota zion eskaera Castrok, eta helegitea aurkeztu zuen presoak, baina ez diote onartu, osasun egoera "egonkorrean" dagoela argudiatuta.