«Ibonen bizia jokoan dago». Etxerat-ekdeia egin du Ibon Iparragirre preso ondarroarra berehala askatzeko. Bilbon eskainitako prentsaurreko batean, Natxi Aranburu Etxerat-eko kideak iritzi publikoari ohartarazi dio Iparragirre «oso-oso larri» dagoela. Duela hogei urte giza immuno-eskasiaren birusarekin kutsatu zen, eta azken hilabete eta asteotan «okerrera egin du nabarmen» haren osasunak. Etxerat-en azalpenen arabera, defentsak era nabarmenean jaitsi zaizkio, eta herenegun, sukarrak jota zegoela, Basauriko espetxetik Basurtuko ospitalera eraman zuten. Medikuek biriketako infekzioa atzeman diote. Egoera horretan, Etxerat-ek nabarmendu du Iparragirrek osasun arreta «egokia eta etengabea» behar duela, edozein kutsatze atzeraezin bilakatu daitekeelako. «Ezin du preso jarraitu ezta minutu bat bera ere».
Era berean, Espainiako Espetxe Erakundearen eta Ertzaintzaren aldetik Iparragirreren sendiak jasotako tratu txarra salatu du. Etxerat-en arabera, Iparragirre Basurtuko ospitalera eraman geroztik senideak ezin izan dira harekin egon. Alfonso Zenon abokatuak, berriz, hogei minutu eman ahal izan zituen asteazkenean Iparragirrerekin. «Denbora horretan ezin izan zuen preso ondarroarra ukitu eta gelan bi ertzainen presentzia etengabekoa izan zen», salatu du Etxerat-ek. Zenon abokatuak salaketa aurkeztu du Bilboko epaitegian.
Bere amaren azalpena
Prentsaurrekoaren ondoren, Angelita Burgoak, Ibon Iparragirreren amak, BERRIAri baieztatu zion ospitaleratu zutela hiru egun igaro arren oraindik ezin izan dutela harekin egoterik izan. Nahiz eta gaixo diren presoek sei orduko bisita izan dezaketen, «ez da aldatu egoera». Gogor gaitzetsi du senideek eta Iparragirrek jasotako «tratu ankerra». Izan ere, Burgoak azpimarratu duunean uneko medikuen bisita izan ezik, Iparragirre «bakarrik» dagoela logelan, hiru ertzainek zainduta. Burgoak azpimarratu du «oso ahul» dagoela eta behar-beharrezkoa duela senideen tratu afektiboa: «Tratua ankerra da. Badakite nola dagoen, badakite nola dituen defentsak, badakite gabezia afektiboa duela eta hala ere hor jarraitzen dute, birrintzen».
Gelan bakarrik dagoela-eta, senideak gutxienez saiatu ziren atzo irrati aparailu bat pasatzen, baina hori ere ez zieten utzi. «Modu zakarrean esan digute 'ez al dakizue preso dagoela?'». Jaso duten azalpen bakarra izan da Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako baimena izan arte, sendiak ezingo duela Iparragirrerekin egon. «Bitartean, ez dakigu tratamendua ondo doakion, nola dagoen, nola doan birikietako infekzioa... ez dakigu ezer».
Gainera, Angelita Burgoak gogor kritikatu du semea espetxetik ospitalera eraman zuten egunean ez zitzaiela jakinarazi gertaera horren berri. Iparragirre larrialdietan zegoela medikuak artatu arte, lotuta izan zutela jakin dute gerora sendiak, «txakur bat balitz bezala». Egoera hori familiarentzat mingarria eta larria dela azaldu du, hiru egunen ondoren, oraindik ez dakitelako harekinegoterik izango ote duten.
Manifestazioa igandean
Etxerat-en ustez, kasu honek«espetxe politikaren aurpegirik ankerra» erakusten du. «Espetxe politikak ezin du konponbide demokratiko, bake eta eskubide urraketarik gabeko agertoki baten ukazioa betikotzeko armategia izan», salatu du Etxerat-ek. Espainiako Gobernuarenjarrera gaitzetsi du, Iparragirreren eskubideak bortizki urratzeaz gain ingurune hurbil osoari sufrimendua eragiten diolako. «Egoera hau amaitu behar dugu». Etxerat-ek espetxe politika errotik aldatzeko eta gaixo diren presoak askatzeko exijitu du.Aldarrikapen horren alde, Ondarroan igandean 12:30ean egingo den manifestaziora joateko deia egin du.
Ibon Iparragirre berehala askatzeko exijitu du Etxerat-ek
Haren amak salatu du sendia ezin izan dela presoarekin egon, hiru egun igaro diren arren, eta tratua ankerra dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu