Gaixo dago Ondarroako presoa, eta martxoaren 7an espetxeratu zuten. Naiz.info atariak argitaratu duenez, haren senideek salatu dute Basauriko espetxeko langileek jo egin zutela igandean Iparragirre. Azaldu dutenez, funtzionarioak ziegako atea ixtera joaten ez zirenez, Iparragirrek berak itxi zuen. Ondoren, funtzionarioak ziegara sartu, eta bina zaplazteko eman zizkioten. Lurrera erori zen presoa, eta lurraren kontra jo zuen burua.
Horrez gain, senideek ohartarazi dute Iparragirreri ez zaizkiola ari dagozkion sendagaiak ematen. Epilepsia du presoak. Familiak oroitarazi du iragan astean preso sozial batek jo zuela Iparragirre, eta, salatu dutenez, bi erasoek agerian uzten dute espetxe sistemaren "krudelkeria" eta funtzionario batzuek duten zigorgabetasuna.