Hemen GAL esaldiarekin hasten zen GALen agiri bat. Hitz horiek eskuz idatzita zeuden, eta Miguel Planchuelok idatzi zituela diote grafologian aditu diren lau perituk. Planchueloren beraren aurrean esan zuten hori, Espainiako Auzitegi Nazionalean. GALen azken epaiketa egiten ari dira Madrilen. Miguel Planchuelo Espainiako Poliziaren Bilboko buru izandakoa epaitzen ari dira, 1986an Baionako Batzoki eta Donibane Lohizuneko La Consolation tabernen kontra egindako tiroketak agintzea egotzita. Defentsa eta Fiskaltza saiatzen ari dira Planchuelok GALekin izan zuen harreman bakarra Segundo Mareyren bahiketakoa zela azaltzen, baina loturak ezkutatzerik ez zuten lortu atzoko ahozko saioan.
Perituek ez ezik, Inmaculada Gomezek ere zuzenean lotu zuen Planchuelo GALekin. Jose Amedoren maitalea izan zen garai hartan Gomez —Amedo eta Michel Dominguezi 108 urteko zigorra jarri zieten 1991n bi atentatu horiek egiteko sikario portugaldarrak kontratatzeagatik—, eta lekuko gisa deklaratu zuen. 80ko hamarkada zen, eta Gomezek Amedoren ahotik jakin zuen hura GALen nahastuta zebilela. Amedok aginduak norengandik jasotzen zituen galdetuta, bere gainean zeudenek agintzen zietela esan zuen Gomezek. «Amedori Planchuelok agintzen zion». Amedok herenegun egindako deklarazioekin ez zetorren bat hori. Izan ere, Amedo gogotik ahalegindu zen Planchuelori erantzukizun guztia kendu eta GALen erantzule bakar Felipe Gonzalez eta garai hartako Espainiako Gobernua egiten.
Michel Dominguezen maitale izan zenak, Mari Angeles Balsategik, oso jarrera desberdina hartu zuen epaiketan. Ez dela ezertaz gogoratzen esan zuen, eta kito.
Planchuelorentzat 114 urteko zigor eskaerari eutsi zion GALen Kontrako Herri Ekimena herri akusazioak. Sei hilketa saio egitea egozten diote. Defentsak eta Fiskaltzak, berriz, absoluzio eskaera berretsi zuten.
Epaiketa gaur amaituko da, azken ondorioekin.
Idazkera aztertuta, GALen agiri bat Planchuelok idatzi zuela ziurtatu dute perituek
Amedo eta Dominguezi Planchuelok agintzen ziela esan du garai hartan Amedoren maitale izan zenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu