Gipuzkoako Futbol Federazioko idazkari Patxi Gabilondorentzat "onartezina" da Idiazabal eta Elgoibarren arteko partidan gertatutakoa. Lehenengo Erregional mailako neurketan gertatu da, asteburuan. Epaileak ohartarazi zien jokalari eta entrenatzaileei euskaraz hitz egiten bazuten kaleratu egingo zituela, argudiatuta berak euskaraz egiten ez zuenez ez zela isekak ulertzeko ere gai izango.
Bi taldeek gogor kritikatu dute gertatutakoa, eta salaketa aurkeztuko dute Gipuzkoako Futbol Federazioan eta Epaileen Komitean.
— CD ELGOIBAR (@CDELGOIBAR) 2018(e)ko otsailak 18
Ez dira, ordea, neurriak hartzeko asmoz dauden bakarrak. Gipuzkoako Aldundiak ere azalpenak eskatuko dituela iragarri du, eta Futbol Federazioa bi taldeen salaketa jaso zain dago, epailearekin hitz egin eta neurriak hartzeko.
"Gertatutakoa zehatz-mehatz jakin nahi dugu, ez baita gauza bera epaile batek esatea berarekin gazteleraz hitz egiteko euskaraz ulertzen ez duelako, edo taldeek dioten moduan hasieratik euskaraz hitz egitea debekatzea. Azken hori oinarrizko eskubide bat urratzea da", salatu du Gabilondok, eta azaldu du epailearekin hitz egiteko ahaleginetan ari direla, baina ez dutela lortu harekin harremanetan jartzea. "Era batera edo bestera, hau argitu beharra dago. Epaileen Komitera ere joko dugu".