Idoia Nieves izango da ikerketa batzordean azalpenak ematen lehena

Ostiralean mintzatuko da, 11:30ean. Lourdes Goikoetxeak astelehenean emango ditu azalpenak, 17:00etan. Yolanda Barcinak, berriz, asteartean hitz egingo du batzordean, 10:00etan. Gaur 12:30ean jarraituko du batzordeak lanean.

Batzordea, osatu berritan. JAGOBA MANTEROLA, ARP
2014ko otsailaren 18a
07:23
Entzun

Nafarroako Ogasun zuzendari ohi Idoia Nievesek Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariaren kontra eginiko salaketak aztertuko dituen batzordea osatu dute Nafafarroako Parlamentuan, eta Juan Jose Lizarbe PSNko bozeramailea izendatu dute presidente. Soilik PSNk aurkeztu du hautagai bat, eta gainerakoek eman diote botoa, UPNk izan ezik.

10:00etan osatu dute batzordea hamahiru parlamentarik; talde bakoitzeko bik eta Geroa Baiko batek. Hauexek dira batzordeko kideak: UPNko Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas; PSNko Juan Jose Lizarbe eta Pedro Rascon; Bilduko Maiorga Ramirez eta Bikendi Barea; Aralar-NaBaiko Patxi Zabaleta eta Txentxo Jimenez; PPNko Enrique Martin de Marcos eta Ana Beltran; Ezkerrako Jose Miguel Nuin eta Txema Mauleon; eta Geroa Baiko Manu Ayerdi.

Idoia Nieves izango da ikerketa batzordean azalpenak ematen lehena. Ostiralean mintzatuko da, 11:30ean. Lourdes Goikoetxeak astelehenean emango ditu azalpenak, 17:00etan. Yolanda Barcinak, berriz, asteartean hitz egingo du batzordean, 10:00etan.

Horiez gain, azalpenak ematera deitu ditu Manuel Arana —Ogasun zuzendariorde ohia, Nievesen bigarrena—, Juan Franco Aurrekontuen zuzendaria eta Maria Jesus Valdemoro Politika Ekonomikoko zuzendaria.

Otsailaren 28rako amaitu beharko ditu lanak batzordeak, eta ostiralean hasiko dira lehen agerraldiak egiten. Hedabideei irekiak izango dira agerraldi horiek, azalpenak eman behar dituenak kontrakorik esaten ez badu. Nieves, Goikoetxea eta Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearen agerraldiak eskatuko dituzte.

Barcina: "Rubalcabak beti egin du Nafarroako egonkortasunaren alde"

SER irrati katean mintzatu da Barcina goizean. Esan du ogasunean gertatutakoa "amaieraraino" ikertu beharra dagoela, eta gaineratu du ez duela frogarik sinesteko enpresa batzuei mesedezko tratua eman ziela Goikoetxeak. Halaber, galdetu du: "Non ikusi da ikertuak ikertzaileak baino denbora gehiago eskatzea ikerketarako?".

PSNren kontra jo du Barcinak; "Igaroko ez zuela esan zuen marra gorria igarotzen ari da", esan du, Bilduk babestutako balizko zentsura mozio bati erreferentzia eginez. Nolanahi ere, nabarmendu du Rubalcabak "beti" egin duela "Nafarroako egonkortasunaren alde", nahiz eta aitortu duen ez duela harekin hitz egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.