EAEko Auzitegi Nagusiak Igeldo herri bihurtzeko dekretua atzera bota zuen urte hasieran, esanez galdeketako emaitzak ez direla aski eta Igeldok herria osatzeko ez dituela behar adina biztanle.
Biztanle kopuruaren argudioa nabarmendu dute gaurko manifestazioan. Izan ere, azken foru arauaren arabera —2003. urtekoa da—, Gipuzkoan udalerri berri bat sortzeko 2.500 biztanle izan behar ditu gutxienez. Itxas Aurre elkarteak deitutako manifestazioan nabarmendu dute herri ugari daudela lurraldean biztanle kopuru hori baino gutxiago dutenak, eta foru arau hori "herri txikien mehatxua" dela.
Desanexioaz galdeketa egin zuten Igeldon 2013ko arazoan —391 boto alde eta 234 kontra, %72ko parte hartzearekin—, eta, baiezkoak irabazi zuela ikusita, orduko foru aldundiak, dekretu baten bitartez, herri izendatu zuen Igeldo. "Igeldo udalerri da, igeldotarrek nahi dutelako eta legezko baldintza guztiak betetzen dituelako", adierazi zuen Martin Garitanok, ahaldun nagusiak. Gipuzkoako 89. herria zen.