EUSKAL HERRIA

Igeldoko herritarren erabakiaren beldur izatea egotzi die Itxas Aurrek galdeketaren aurkakoei

Elkarteak uste du 1986ko dekretuaren bidez arautu behar dela Igeldoren desanexio prozesua, 1994-1995 artean ekin baitzioten prozesu horri.

Berria.info
2013ko abuztuaren 26a
13:54
Entzun

Ainhoa Gorostidi eta Jose Inazio Galparsoro Itxas Aurre elkarteko kideek agerraldi bat egin dute gaur goizean, azken egunetan Igeldoko desanexioaren inguruan izan diren albiste ugariren inguruan balorazioa egiteko. Igeldo udalerri bihurtzeko aukeraz galdeketa bat egiteari eta herritarren erabakiari beldurra izatea egotzi die galdeketa horren aurka azaldu diren alderdiei, eta alderdi horien eta hainbat hedabideren "gezur eta asmakeriak" kritikatu dituzte.

Azaldu dute erabaki esparrua Igeldo dela, eta ez Donostia. Oroitarazi dute desanexio gehiago ere izan direla iraganean, eta Lasarte eta Astigarragako kasuak aipatu dituzte adibide baterako. "Lasarte eta Astigarragako prozesuek Donostiako hiriari ez diete inolako haustura, min, trauma eta deskalaburik eragin", esan du Gorostidik. Halaber, nabarmendu dute Donostiako Udalak guztiz definitua duela zein den Igeldoren lurraldea, eta, beraz, baita zeinek eman lezakeen botoa ere.

Prozesua gidatu behar duen arauaz ere jardun dute. Gogora ekarri dute 1994-1995 artean hasi zutela bide hori, eta uste dute 1986ko dekretua dela aplikatu beharrekoa, ez 2003ko araua.

Gipuzkoako Foru Aldundiak azaroaren amaieran du asmoa Igeldon herri galdeketa.

Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek, bestetik, esan du prest dagoela Igeldoko herritarren gehiengoaren borondatea errespetatzeko, "beti ere legea betez gero". "Galdeketan gertatzen dena gertatuta ere, legea errespetatu beharko da", gaineratu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.