Donostiarrakgarelako.com webgunean jada hainbat lagunek sinatu dute adierazpena, eta donostiarrei dei egin diete sinatzera. "Demokrazia maite dugulako, igeldotarren iritzia errespetatzea nahi dugu", diote adierazpenaren hasieran. "Igeldotarrek independenteak izan nahi badute, ez badute donostiar izan nahi, beren erabakia errespetatzea dagokigu gainerako guztioi: donostiarroi, Donostiako Udalari eta hiri honen batasun zatiezin betierekoaren defendatzaile porrokatu bihurtu omen diren PSE-EEri, EAJri eta PPri".
Sinatzaileek diote "lotsagarria" dela ordezkari politikoak igeldoarren borodatearen kontra agertzea, "baita zenbait komunibideren kanpaina neurrigabea ere". Argudiatzen dute berezko nortasuna izan duela beti Igeldok, donostiarrak ere horren jakitun direla, eta orain dela gutxi egin zen kontsultan boto emaileen %61 Donostiatik bereiztearen alde agertu zirela.
"Estrategia horretan donostiartasun agiriak" banatzen hasi direla ere kritikatu dute. "Zeintzuk dira haiek donostiartasun agiriak banatzeko? Zeren arabera erabakitzen dute nork maite duen eta nork ez Donostia?". Horren aurrean sinatzaileek ere donostiarrak direla aldarrikatzen dute. "Donostia maite dugu, hiri hau ulertzeko geure moduak ditugu".
Agiriaren amaieran igeldotarrek independente izateko eskubidea dutela diote. Eta onartuta ere zilegi dela Igeldorentzat onena Donostiari lotuta jarraitzea dela pentsatzea, azken erabakia igeldotarrena dela diote. "Eta gainerako guztioi iritzi hori errespetatzea dagokigula: erabakiarekin bat egin ala ez. Demokrazia kontu hutsa da".