polizia operazioa

Igor Esnaola aske utzi dute

Leaburuko eta Gazteluko bi etxetan sartu da Guardia Zibila. Gaztelun Andoni Goikoetxearen bila joan dira, Aitor eta Igor Esnaolaren atxiloketen operazioari segida emanez. Atzo Lander Etxeberria atzeman zuten, Beran. 

2011ko apirilaren 15a
22:05
Entzun

Igor Esnaola libre utzi du Guardia Zibilak gaur arratsaldean, haren senideek diotenez. Kargurik leporatu gabe utzi dute aske. Asteartean atzeman zutenetik inkomunikaturik izan da. Haren anaia Aitor bihar eramango dute Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera, berri agentziek adierazi dutenez.

Guardia Zibilak Esnaola anaien atxiloketen operazioarekin segitu du gaur, eta bart Leaburuko —Txarama auzoan— eta Gazteluko bi etxetan sartu da. Gaztelun Andoni Goikoetxearen bila joan dira, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak esan duenez, baina ez dute aurkitu. Leaburun miaturiko etxebizitza Goikoetxearen bikotekidearena izan liteke. Ez dute inor atxilotu.

Asteartean atzeman zituzten bi anaiak, Legorretan, ETAko kideak direlakoan. Atzo Lander Etxeberria atxilotu zuen Guardia Zibilak, Beran, bi haien eta ETAren artean lotura lanak egitea egotzita. Kontseiluko langilea da Etxeberria, eta euskararen erakundeak kezka agertu du hark "une honetan jaso dezakeen tratuarekin". Familiari elkartasuna adierazi dio. 

Polizia iturriek esan dute esnaolatarrei bi mila lehergai inguru aurkitu dizkietela.

Segalaria da Goikoetxea, trontzalariak esnaolarrak.

Legorretako Udalak Esnaola anaiei inkomunikazioa kentzeko eskatu zuen atzo, udalbatzarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.