Politika

Igor Portuk eta Mattin Sarasolak uko egin diote Auzitegi Nazionalean frogak egiteari eta erantzuteari

Auzitegira eraman dituzte gaur, eta Barajasko atentatuaren inguruko azalpenak eskatu dizkie Santiago Pedraz epaileak. Inkomunikatuta zeukatela Portu erietxera eraman behar izan zuen Guardia Zibilak, zauri larriekin. Sarasolak ere kolpe arrasto nabarmenak zituen.

2008ko urtarrilaren 22a
14:35
Entzun
Igor Portu eta Mattin Sarasola Guardia Zibilak joan den utarrilaren 6an Arrasaten (Gipuzkoa) atxilotu zituen bi gazte lesakarrak (Nafarroa) Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman dituzte gaur, Santiago Pedraz epailearengana, ETAk Madrilgo Barajas aireportuan egin zuen atentatuari buruzko azalpenak eskatu nahi baitizkie.

Sarasolari Barajasko irudi batzuk erakutsi dizkiote, ea horietan agertzen den pertsona bera al den galdetuz. Gazteak ez du erantzun. Porturi, berriz, ahots froga egin nahi izan diote, atentatuaren egunean -2006ko abenduaren 30ean- Madrilgo su-hiltzaileen egoitzara telefonoz deitu zuena bera izan zen jakin asmoz, baina Portuk uko egin dio froga egiteari. Froga kaligrafiko bat egiteari ere uko egin dio.

Ignacio Gordillo fiskalak bien kartzelatzea eskatu du, atentatu hartan bi pertsona hil izana leporatuta. Guardia Zibilak eta Espainiako Barne Ministerioak ere atentatu horren egile izatea egotzi die biei.

Atxilotu eta hurrengo goizaldean Donostia Ospitalera eraman behar izan zuen Guardia Zibilak Portu, zauri larriekin. Saihets bat hautsita zeukan eta birika zulatuta. Sarasolari ere kolpe arrastoak ikusi zizkioten Auzitegi Nazionaleko auzi medikuek eta baita senideek ere. Guardia Zibilaren eta Barne Ministerioaren arabera, atxiloketa bortitza zelako zituzten zauriak.

Atxilotu biek, ordea, torturatu egin zituztela salatu zuten, eta lekukotasun lazgarria eman zuten. Grande-Marlaska epailearen beraren arreta piztu zuen biak inkomunikatuta egon arren, torturen eta gertaeren oso salaketa berdintsua egin zutela. Halaber, atxiloketaren lekuko batek Guardia Zibilaren eta Barne Ministerioaren azalpenak ukatu zituen epailaren aurrean; hots, ez zela bortitza izan agertu zuen. Euskal Herriko alderdi gehienek eta eragile ugarik tortura salaketak ikertzeko eta argitzeko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.