Juan Kalparsoro. EAEko fiskal nagusia

«Iheslari eta errefuxiatuen egoera legala aztertu behar da»

Kalparsorok uste du ETA desegiten bada eta presoek barkamena eskatzen badute aldaketak egon daitezkeela espetxe politikan.

BERRIA.INFO.
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
BERRIA.INFO-ren irakurleen galderak erantzun ditu Juan Kalparsorok, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako fiskalen buruak (Donostia, 1960). Konponbide prozesuak aurrera egin dezan eragile eta instituzio guztien parte hartzea beharrezkoa dela nabarmendu du. Hona hemen erantzundako galdera batzuk.

ETA desegiten bada Justizia ETArekin eskuzabal izango dela esaten duzunean, zer esan nahi duzu? Diego Sota.

Espetxe zigorrek gizarteratzea dute helburu, Konstituzioaren arabera; horregatik, ETA desagertzen bada, eta biktimei barkamena eskatzen bazaie, gaur egun ezartzen ez diren gizarteratzearen aldeko neurriak ezarri ahal izango dira.

Sexu delituengatik, droga trafikoagatik edota lapurretagatik preso daudenek ere barkamena eskatu behar al diete beraien biktimei? Nik dakidala haiei aplikatzen zaizkie legeak ezarritako onurak. Lore.

Terrorismo delituak egin ez dituztenei legeak ez die behartzen barkamena eskatzea, baina egitea gizarteratze keinu ona litzateke.

Herri honetan badaude iheslari eta errefuxiatuak ere. Jakin nahi nuke gatazkari amaiera emateko horren inguruan zer proposatuko zenukeen, horientzat ere irteera bat pentsatu beharko litzatekeelako. Kati.

Iheslari eta errefuxiatuei presoei ezartzen zaizkien neurri berak ezarri beharko litzaizkieke, eta haien egoera legala aztertu beharko litzateke, kasu bakoitza ondo baloratuz.

Zer iruditzen zaizu Eusko Jaurlaritzak Sarrionandiari Euskadi Sariaren dirua ez ematea? Zuzena al da, ez badago auzipetuta? Imanol.

Egunkarietan argitaratu dena dakit soilik, baina gai hauetan erakundeek zuhurtzia handienarekin jokatu behar dute, guztion eskubideak errespetatuz.

Martxan dagoen bake prozesuan, garrantzitsua ikusten duzu presoek modu aktiboan parte hartzea bakea behin betikoa izan dadin? Botere judizialak eta estatuak zer egin dezakete hau errazteko? Xab.

Guztion parte hartzea da garrantzitsua. Estatuak erraztu dezake.

Inkomunikazioak torturatzea errazten duenez, neurri egokia izango litzateke polizia etxeetan kamerak ipintzea [...]. Kamerena ez al da egingarria eta eraginkorra? Josu.

Zurekin ados nago; torturaren aurka egin behar da. Horregatik,kamerak jartzearen aldekoa naiz. Poliziaren tratu txarren aurkako borroka fiskaltzaren lehentasuna da. Hala ere, tortura kasuak kasu isolatuak direla uste dut.

Otegi, Usabiaga eta besteak beraien aurka inolako frogarik aurkeztu gabe kartzelan egoteak zenbat gaiztotu dezake bake prozesua? Europara iristen bada auzia, ez al du Espainiak lotsa pasako eman duen sententzia burugabearekin? Sugar.

Sententzia oso gogorra izan da,hamar urteko espetxe zigorra zigor handia delako. Sententzia Auzitegi Gorenak aztertu behar du, eta gero Konstituzionala eta Estrasburgokoa geratuko lirateke. Espainiak azkenaldian kontrako sententziak jaso ditu Estrasburgon, baina espero dut kasu honetan horretara iritsi behar ez izatea.

Zortzi urte beteko dira Egunkaria-ren aurkako bigarren polizia operazioa egin zutenetik. Auzi politikoan absolbitu zituzten. Ba al du zentzurik auzi ekonomikoak aitzinera jarraitzeak? Zer epai emanen zenuke zuk? Mattin.

Auzi ekonomikoa, logikoa denez, oso baldintzatuta dago absoluzioarengatik. Ez ditut ezagutzen akusazioaren frogak; horregatik eta zuhurtziagatik, nahiago dut ez erantzun.

Zergatik doa hain astiro Justiziaren euskalduntzea? Hezkuntzan aurrerapausoak eman dira, baina Osakidetzan eta Justizian gauzak motelago doaz. Pedro.

Justizia administrazioa oso berezia da. Prozesuetan hainbat pertsonak parte hartzen dute, eta Euskadin pertsona askok ez dute euskara menderatzen. Horregatik, erdara nahiago dute, segurtasun gehiago ematen dielako. Egia da ahalegin handiagoa egin daitekeela. Espero dut urte gutxi batzuetan Justizian normalizatzea euskararen egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.