POLITIKA

II. Kongresurako prozesua abiatu du Ernaik

Inurritegia, eguneroko borrokan eraikia izenpean, Ezker Abertzalearen Abian prozesuan erabakitakoak inplementatuko ditu gazte antolakundeak. Apirilean egingo du kongresua.

Gernikan 300 bat lagun elkartuta abiatu dute kongresurako prozesua. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
2016ko urriaren 29a
15:08
Entzun

Gernikan eman diote hasiera 300 bat lagunek Ernai gazte antolakundearen II. kongresurako prozesuari. "Herriz herri eta auzoz auzo" egingo dute prozesu hori, hainbat gairi buruz gogoeta egiteko. Esaterako, Ernaik azpimarratu du prozesu independentista bat martxan jarriko bada, gazteek bide horretan zein paper izan behar dute hausnartu beharra dutela: "Nola bultzatuko dugu prozesua gazte ikuspegitik? Horrez gain, gazte problematikari erantzuteko, gazte estrategia eraginkortu eta birdefinitzera goaz".

Halaber, Ernai "eraginkorra" izateko, dituzten "hutsuneen" inguruan ere hausnartzeko beharra azpimarratu dute: "Tresna organizatibo eraginkor baten beharra daukagu, egindako akatsak konpondu eta ongi egindakoak hobetu. Horregatik, prozesu kongresuan antolakuntza eta funtzionamenduaren inguruan ere erabakiak hartzera goaz".

Eztabaida Sorturen birfundazio prozesuaren ostean egingo du Ernaik: "Ezker Abertzaleko prozesuan erabakiko dugu gure oinarria. Oinarri horretatik dagokio loratzea gazte antolakundeari bere gazte estrategia". Hiru gai landuko dituzte bereziki: "Abian-en ondorioen inplementazioa, gazte estrategiaren berregokitzea eta antolakuntza eta funtzionamendua".

Epeak:

Urriaren 29tik abenduaren 31ra: Ekarpenak helarazteko aukera (zuzenean e-mailera edota batzar irekien bidez) eta edonork ponentzia bat idazteko aukera.

Urriaren 29tik urtarrilaren 28ra: Herrietan prozesuaren aurkezpenak, militante hasiberriei sarrera eta prozesuko parte hartzaileen zentsoa osatu.

Urtarrilak 23: Ponentziak eta eranskinak publiko egin.

Urtarrilaren 23tik otsailaren 4ra: Ponentzia hautatu.

Otsailaren 6tik martxoaren 17ra: Ponentzien gaineko etabaidak herrietan, emendakinak.

Martxoaren 20tik martxoaren 27ra: emendakinen bozketa.

Apirila: Kongresua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.