Tortura

Iñigo Lamarca: "Torturatu izan da; hori ezin du inork ukatu"

Iñigo Cabacasen heriotza ezin dela "horrela itxi" uste du arartekoak. Horrez gain, erakunde publikoei jendea torturatu izanagatik barkamena eskatzera dei egin die.

2013ko otsailaren 15a
14:20
Entzun

Iñigo Lamarca arartekoak Infozazpi irratian emandako elkarrizketan adierazi du “ETAren indarkeria” desagertu denez, Poliziak horretara egokitu behar duela. “Gizartean prestigioa duen Polizia nahi dugu; hau da, herritarrek pentsatzea beren eskubideak bermatzeko lan egiten dutela”, esan du Lamarcak.

"Oso kritikoak" izan dira Iñigo Cabacasen heriotzaren ostean Rodolfo Aresek izandako jarrerarekin, haren esanetan. Ziurtatu du epaitegian ikerketa bat abian zegoenez ez zietela utzi ikerketa paralelo bat egiten. “Guk uste dugu Poliziak eskubide urraketa bat egiten duenean, kasu honetan heriotza eragiteraino, ikerketa mekanismo guztiak martxan jarri behar direla. Arartekoaren ikerketa eta epaitegiarena, gainera, bateragarriak dira”.

Poliziak “indar gehiegikeria bat” egiten badu, barne ikerketa inpartzial bat egiteko aukera egon behar dela pentsatzen du Lamarcak, eta zehaztu du administrazioari hainbatetan eskatu diotela Cabacasen kasuan eman zituzten aginduak zein izan ziren azaltzeko, baina ez dutela azalpenik jaso orain arte. “Argi dago Cabacas Poliziaren goma bategatik hil zela, baina ez da horren inguruan azalpenik eman bederatzi hilabete hauetan. Ezin dute kasu hori horrela amaitutzat eman. Poliziak indarra erabiltzen duenean oso zorrotza izan behar du horren erabilerarekin. Eta hori gertatzen denean ongi justifikatu behar da indarra erabiltzeko beharra zein izan den. Poliziak beti herritarren eskubideak bermatu behar ditu”.

Tortura salaketak ikertzeko deia egin du

Orain arte egon diren tortura salaketen inguruan zuzenbide estatuak ez duela ezer egin salatu du Lamarcak. Ikertzeko aukera ematen ez duten “gune ilun” asko daudela ziurtatu du. “Proposamen asko egin ditugu atxilotuen eskubideak bermatzeko eta gerora tortura salaketarik badago hori ikertu ahal izateko. Baina hori ez da gertatu, ez da onartu”. Gogorarazi du salaketa asko daudela ebazpenik gabe. Horregatik dio zuzebide estatuak ez duela egin behar zuen bezala lan egin eta ez direla oinarrizko giza eskubideak bermatu. “Torturatu izan da, hori ezin du inork ukatu, kasu batzuetan hori esan duelako gainera epaitegiak ere. Baina ez dakigu zenbaterainokoa izan den”. Orain arteko torturak ikerketzea espero duela jakinarazi du, eta erakunde publikoei eskatu die onartzeko torturatu izan dutela, eta ardura hori beren gain hartu eta barkamena eskatzeko dei egin die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.