atxiloketak

Iñigo Zapirain, Beatriz Etxebarria eta Lorena Lopez ere kartzelara bidali ditu Grande-Marlaskak

ETAkoak izatea egotzi die Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak eta bi hilketetan parte hartzea. Atzo gauean Daniel Pastor bidali zuen espetxera; hau aurretik bi aldiz eraman zuten erietxera. 

2011ko martxoaren 5a
19:01
Entzun

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Iñigo Zapirain, Beatriz Etxebarria eta Lorena Lopez ere baldintzarik gabe espetxera bidali ditu gaur, ETAko kideak izatea leporatuta. Gaur 14:00ak aldera hasi da Guardia Zibilak asteartean Bilbon eta Galdakaon atxilotutako lagun haiek hartzen. Hirurek, ordea, uko egin diote deklaratzeari, Efe berri agentziak dioenez.

Daniel Pastor da atzeman zuten bestea, baina hura atzo eraman zuten epailearen aurrera eta honek kartzelara bidali zuen, gauean.

Atxiloaldian Pastor bi aldiz ospitalera eraman behar izan zuten. Auzitegi Nazionaleko iturrien arabera, "autolesionatu" egin zen. Epaileak hartu aurretik Guardia Zibilak inkomunikatuta eduki zuen.

Galdakaon atxilotu zuten hura, beste hirurak Bilbon, ETAko talde bat osatzen zutelakoan. Eduardo Puelles Espainiako poliziaren eta Luis Conde de la Cruz militarraren hilketan parte hartzea egozten diete. Guardia Zibilak zioen, besteak beste, berrehun kilo lehergai atzeman zizkiela asteartean.

Atxiloketuen senideak Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkaritzarekin biltzen saiatu dira, baina ezetza jaso dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.