kultura

III. eta VI. mendeen artean kokatu dituzte Iruña-Veleian aurkitutako euskarazko hitzak

Arabako Iruña-Veleiako aztarnategian egindako aurkikuntzak benetakoak direla esan dute Henrike Knorr euskaltzainak eta Joakin Gorrotxategi filologoak. Beraiekin batera Eliseo Gil indusketetako zuzendaria izan da gaur Gasteizen egin duten agerraldian. Erlijioarekin lotutako hitzak ezezik egunerokoak agertzen dira, eta horien artean esaldiak ere badaude. "Hemen hitz multzo bat dugu, eta eguneroko hitzak dira. Horrek esan nahi du idatzi egiten zela V. mendean, VI. mendean, edo lehenago", Gorrotxategik esan duenez.

2006ko ekainaren 15a
18:40
Entzun
Urdin isar, zuri urdin gori, edan ian lo, jaun, geure ata zutan, iesus, ioshe ata ta mirian ama. Hitz horiek irakur daitezke Arabako Iruña-Veleiako aztarnategian, Henrike Knorrek eta Joakin Gorrotxategik aipatu dutenez, eta lehen hipotesien arabera, III. eta VI. mendeen artekoak dira hitzok eta esaldiok.

Egunerokoak eta esaldietan egituratuak egoteak gainera garrantzia eransten dio aurkikuntzari. "Pentsatzen genuen euskaldunak idatzietatik aparte geundela, eta ja ez gaude horren aparte. Hizkuntza askotan ez da ezer idatzi. Hemen dugu guk hitz multzo bat, eta eguneroko hitzak dira. Akitaniako aurkikuntzak zaharragoak dira, baina euskararen gainean eraikitako izen propioak dira. Hori da orain arte genekiena, baina hau besterik da. Batzuk solte baina beste batzuk perpausetan", dio Gorrotxategik.

Joan den maiatzaren 7an aurkikuntzei buruz hitz egin eta Gorrotxategik aitortu duenez ez zuen ondo lo egin hurrengo egunetan, "ia 500, 600 urte aurreratzen baita gure kronologia".

Dena den, zuhurtziaz jokatu behar dela esan dute filologoek. Komunikabideetan izan diren filtrazioekin ez daude gustura, izan ere, horiek ez baitute ikerketa oztopatu besterik egiten. Arkeologoek, historialariek, hizkuntzalariek eta zientzilariek oraindik lan asko dute egiteko;zein mendetakoak diren zehazteko, haien testuingurua ezagutzeko, eta esan dutenez, lan horiek guztiak amaitu bitartean ez dute aurkikuntzei buruz hitz egingo, urrira edo azarora arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.