Sexu erasoak

Ikasle bati sexu abusuak egitea leporatu diote Leioako ikastetxe bateko irakasle bati

Gertaera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Ikuskaritzari eta adingabeen fiskaltzari salatu diotela, eta semea osatutakoan auzitara jotzeko asmoa dutela azaldu du familiak.

Berria.info
2013ko urtarrilaren 7a
17:11
Entzun

Leioako Gaztelueta eskolan, Bizkaian, irakasle batek ikasle bati sexu abusuak egin zizkiola, eta orain eskolak isilarazi egin nahi dituela salatu dute ikaslearen gurasoek. Gertaerak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Ikuskaritzari eta adingabeen fiskaltzari salatu dizkiete gurasoek. Semea osatu ahala, auzitara ere joko dutela esan dute.

Eskolako zuzendaritzak gutuna bidali diela azaldu dute gurasoek, prentsa ohar baten bidez. Ikerketa zorrotza egin dutela, eta jokabide arrarorik ez dutela atzeman esan die eskolako zuzendariak gurasoei, gutun horretan. Gezurretan ari dela erantzun diete gurasoek eskolako arduradunei, eta egia estali nahi izatea leporatu diote.

Gurasoen hitzetan, iazko ekainean eskolako zuzendariarekin eta zuzendariordearekin bildu ziren, eta orduko hartan bestelako bertsioa eman zuten Gazteluetako ordezkariek: irakasleak salaketak onartu zituela aitortu zietela esan dute. "Onartu zuten irakaslearen jokabidearen erantzukizun larria". Irakasleak eskola utziko zuela ere esan zietela adierazi dute gurasoek.

Gurasoen arabera, gertaerak ez ezagutzea eta ikastetxearen izena zaintzea izan da eskolako zuzendaritzaren asmo guztia. Orain hilabete arte eskolarekin akordio batera iristeko ahalegina egin dutela ziurtatu dute gurasoek. Ikastetxeak gertaerak onartzea, biktimaren "ordain morala" bermatzea, eta irakaslea salatzea nahi zuten gurasoek. Baina eskolak ez duela ikaslearen egoeraz kezkarik izan salatu dute, eta horrelako gertaeren aurrean eskolek abiatu behar dituzten protokoloak ere ez dituztela indarrean jarri.

Familiak azaldu du 2011ko maiatzean jakin zuela gertatzen ari zenaren berri. Ikasleak 12-13 urte inguru zituen orduan. Ikaslearengan "muturreko larritasuna" izan duten ondorioak eragin zituela zehaztu dute. Gaztea osatzean auzitara jotzeko asmoa dutela ere jakinarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.