HEZKUNTZA

Ikasle gehiago izan arren irakasle gutxiago izango direla salatu dute ikastetxeetako zuzendariek

Eusko Jaurlaritzak datorren urtean egin asmo dituen murrizketak salatu dituzte gehiego sindikalak eta eskoletako zuzendariek. Gipuzkoako datuak eman dituzte: iazko ikasturtean baino 50 bat talde gehiago izango dira, eta 100 irakasle gutxiago. Eskola porrotaren arriskuaz ohartarazi dute.

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko ekainaren 22a
14:53
Entzun

Hezkuntzako gehiengo sindikalak (LAB, EILAS eta ELA), Sarean eskoletako zuzendarien elkarteak, Gipuzkoako Haur Hezkuntzako zuzendarien asanbladak eta Sortzen Ikasbatuaz taldeak agerraldi bateratua egin dute, datorren ikasturtean Eusko Jaurlaritzak egin asmo dituen murrizketak salatzeko.

Ikasle kopurua handituko dela ziurra da, hala baitiote aurrematrikulazio datuek (matrikulazio datuekin gehiago izatea espero dute); ordea, salatu dutenez, irakasle gutxiago izango dira datorren urtean. Gipuzkoan, kasurako, orain bi urte baino ehun lanpostu zuzen gutxiago izango dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzan, nahiz eta ikasle kopuruagatik 50 talde gehiago izango diren. Gainerako herrialdeetan ere gisako datuak izango direla uste dute.

Nafarroako Gobernuaren murrizketen berri eman zuten atzo sindikatuek (235 irakasle egotziko dituztela ohartarazi zuten), eta salatu zuten gobernua eskolaz eskola ari dela horren berri ematen. Eusko Jaurlaritza ere horretan ari dela jakinarazi dute sindikatuek; esan dute iaz eta aurten ez dietela helarazi lanpostu zerrendei buruzko informazioa.

Murrizketek eskola publikoaren kalitatea ezbaian jarriko dutela ohartarazi du Gipuzkoako zuzendarien asanbladako kide Itsaso Berrizek: "Atzerabidean jarri dute eskola publikoa". Eskola porrota handi daitekeela salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.