Ikasleak «espainiartu» egin nahi dituela aitortu du Wertek

Gasteizen 28 ikasle identifikatu dituzte, errepide bat itxi ostean; atxikimendu gehiago jaso ditu gaurko grebak

Erredakzioa
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Ikasleak grebara ateratzeko bezperan, sutzeko beste argudio bat eman die Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak. Prestatzen ari den hezkuntza arloko erreformen bitartez ikasle katalanak «espainiartu» nahi dituela aitortu zuen atzo: «Gure helburua Kataluniako ikasleak espainiartzea da, katalan bezain espainiar senti daitezen, harro». Gobernuak bi identitateen arteko «oreka» lortu nahi duela azaldu zuen ministroak, «elkar aberastu eta indartu» dezaten.

PSOEko parlamentari katalan batek egin zion galdera, Francesc Vallesek, gobernuaren kontrol saioan, Wertek iragan astean eginiko adierazpenengatik. Ministroak esan zuen Kataluniako hezkuntza sistemak independentziazaleak sortzen dituela. Iritzia berretsi zuen atzo: azken urteetan, Kataluniako hezkuntza sisteman Historia irakasgaia bai, baina Espainiako Historia irakasgaia ez dela irakatsi esan zuen.

Errekazio oldea eragin zuten Werten esanek, eta ñabartu egin zituen gero. Ikasle katalanen «identitate bikoitza» orekatua izatea nahi duela zehaztu zuen. «Espainiartasunaren sentimentu bateratuan eta aniztasunean» aberasten da Espainia, Werten arabera. Mariano Raxoi Espainiako presidenteak babestu egin du.

Ikasle Abertzaleek, berriz, greba antolatua dute gaurko. Espainiako Gobernuaren zentralizazio ahaleginak eta murrizketak salatuko dituzte. Hegoaldean ez ezik, Espainiako zenbait herrialdetan, Galizian eta Herrialde Katalanetan ere irtengo dira kalera.NUPen itxialdia hasi zuten atzo.

Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofiako ikasleek protesta egin zuten atzo, 116 ikasle daudelako 76 baizik sartzen ez diren gelan. Aulkiekin kalera atera, eta Nieves Cano kalea itxi zuten, aulkietan eserita, leku falta kritikatzeko. Ertzaintza joan, eta 28 ikasle identifikatu zituen.

Nafarroan, hezkuntzako sindikatu guztien babesa jaso du deialdiak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, ELA, LAB eta EILAS sindikatuek bat egin dute grebarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.