hezkuntza

Ikasleak kalera atera dira baliabideak jarri eta euren hitza entzun dezatela eskatzeko

Ikamak Hegoaldeko hemeretzi herritan antolatu ditu mobilizazioak. «Isilik eta jesarrita» nahi dituztela esan dute, baina «martxan eta borrokan» jarraitzeko asmoz daudela.

Ikamak antolatutako mobilizazioa, Bilbon. IKAMA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko apirilaren 21a
13:25
Entzun

Ratioak jaistea, kontrol soziala desagertzea, protokolo «eraginkorrak» edukitzea, ikasleen hitza entzutea, euskaraz ikasteko baliabideak ematea... Aldarrikapen horiek eta gehiago atera dituzte kalera ikasleek Ikamak deitutako mobilizazioetan. Zehazki, Hego Euskal Herriko 19 herritan egin dituzte protestak, Nazkatuta gaudelako, ikasleria martxan lelopean.

Ikasleak «isilik eta jesarrita» egotera behartu dituztela salatu dute, eta ikasleen eskubideak murriztu dizkietela. Irailetik egiten ari diren kudeaketa ere deitoratu dute: «Ikasturte hasieratik daramagu haien bulegoetan jesarrita dauden gorbatadun politikarien kudeaketa negargarria jasaten. «Utzikeria, nahasmena eta kontraesanak » nabaritu dituzte erabakietan: «Kalean hiru lagunekin soilik elkartu gaitezken bitartean, ikasgeletan 30 ikasle gaude sartuta». Gainera, azpimarratu dute ikasleen esku utzi dutela ikasketetarako baliabideak, jangela zerbitzua, garraio segurua nahiz konfinatutakoan eskolak jarraitzeko erremintak bilatzea.

Ikasturtea oraindik ez dela bukatu gogorarazi dute, eta azterketen garaia izango dela laster. Ez daude ados egungo ereduarekin: «Azterketetarako jesarrita ikasteaz ere nazkatuta gaude, are gehiago gure bizitzak eta ikasketa prozesuaren bukaera baldintzatzen duen selektibitate madarikatuaz ari garenean».

 

Gaurtik aurrera ere bai

Gaur egin bezala, bihar ere kalean izango dira, zerbitzu publikoetako langileen ondoan: «Haien lan eskubideen defentsa egiteaz gain, Euskal Herriarentzako zerbitzu publiko, indartsu eta kalitatezkoen alde martxan egongo gara. Ikasleok hezkuntza sistema publiko erreal baten beharra dugulako».

Eta bihartik aurrera ere lanean jarraitzeko asmo dutela ziurtatu dute: «Ikasleria isilik eta geldirik mantentzeko tresnak dituzte, ezin dugu ukatu. Hala ere, ezingo digute kendu martxan eta borrokan aritzeko gogo eta indar guztia». Argi zehaztuta daukate helburua: «Euskal eskola herritar eta burujabearen alde martxan jarraituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.