HEZKUNTZA

Ikasleei oldartu, eta bi pertsona atxilotu ditu Foruzaingoak NUPen

Unibertsitatean ezarri nahi dituzten erreformen kontrako protesta eten du Foruzaingoak. Errektorearen eta polizia buruen jokaera gaitzetsi dute LAB sindikatuak eta Ezkerrak.

Ion Orzaiz.
2016ko apirilaren 28a
09:05
Entzun

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arrosadiko campusean sartu da Foruzaingoa gaur goizean, eta protestan ari ziren ikasleei oldartu zaie. LAB sindikatuak salatu duenez, modu zakarrean sartu dira foruzainak unibertsitatera, eta "itsuki jazarri zaizkio ikasleen protestari". Ikasle Abertzaleek gaineratu dute bi lagun atxilotu dituztela protestetan.

Errektoretzaren jarrera txarretsi du sindikatuak: "Errektoreak horrela konpondu nahi ditu arazoak? Horrelakoa da adierazpen askatasunak NUPen izanen duen etorkizuna?".

Ezkerra koalizioak ere gogor kritikatu du errektorearen jokaera, eta Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariaren agerraldia eskatuko dute legebiltzarrean, "ekintza polizial hau justifikatzeko irizpideak" azal ditzan.

Ezkerraren aburuz, ikasleen protesta baketsuak helburu bakarra zuen: "matrikulen erreformaren onartzea atzeratzea". Helburu horrekin bat egin du koalizioak, eta babesa agertu die "NUPeko ikaslegoaren interesen aldeko mobilizazio baketsu guztiei".

Errektoretzaren oharra

NUPeko errektoretzak, bestalde, ikasleen jarrera salatu du ohar batean, "unibertsitatearen ohiko jarduna eteten saiatu direlako". Unibertsitateko zuzendaritza taldearen esanetan, Gobernu Kontseiluaren bilkura "galarazten saiatu dira" 50 bat ikasle. "Unibertsitatearen ustea da ikaslegoak eskubide osoa duela aldarrikapenak egiteko, baina ez instituzioaren jardunaren funtzionamendua galarazteko, gaur goizean gertatu den bezala". Alfonso Karlosena errektorearen kontrako "hitzezko bortizkeria" ere salatu du NUPeko zuzendaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.