Ikasleenganako arreta ez dela murriztu dio Iribasek

Egindako murrizketak «behin-behinekoak» direla ziurtatu du Nafarroako Hezkuntza kontseilariak

Hezkuntza publikoaren alde eta murrizketen aurka atzo Iruñean izandako manifestazioa. LANDER FDZ. ARROIABE / ARP.
Erredakzioa
Iruñea
2011ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak egindako murrizketek ikasleengan eta aniztasunean «inongo eraginik» ez dutela adierazi du Nafarroako Gobernuko Hezkuntzakontseilari Jose Iribasek. Bilduk eskatuta eman ditu azalpenak Nafarroako Parlamentuan. Haren hitzetan, «Nafarroa ez da Madril edo Galizia; egoera ezberdina du».

Kontseilariak adierazi duenez,hezkuntzarako aurrekontuetan egindako murrizketak «behin-behineko neurriak dira». Hala, hurrengo urterako aurrekontuak gobernuaren lehentasunei era egokian aurre egiteko behar beste diru «bermatuko» duela ziurtatu du .

Iribasen arabera, ordezkapenak «ahalik eta azkarren» egiten ari dira, eta, alde horretatik egungoa «lasai egoteko moduko egoera» dela nabarmendu du. Sindikatuek azken egunetan egindako mobilizazio jendetsuei erreferentzia egin die. Ados ez egoteko eskubidea «legitimoa» dela esan du, baina hezkuntzan «kalitatea eta arreta berme guztiekin emanen direla ziurtatu du. «Hezkuntzaren kalitateak kezkatu egiten nau, eta horretaz arduratzen naiz», esan du.

Sindikatuen kritikei erantzunez, Iribasek adierazi du, karguan daraman denbora kontuan hartuta, sindikatuekin «gehien» bildu den kontseilaria dela .Elkarrizketarako borondatea azaldu du: «akordio berriak bultzatzeko eta lortzeko prest gaude».

Oposizioaren kritika Iribasi

Nafarroako Parlamentuko oposizioko talde gehienek ez dituzte ontzat eman Iribasek murrizketen inguruan emandako azalpenak. Hala, Bilduko Aitziber Sarasolak neurri hauen ondorioak zeintzuk izanen diren argitzeko galdegin dio kontseilariari. Larunbatean Iruñean murrizketen kontra izandako manifestazio jendetsua gogora ekarriz, jendea «kezkatuta» dagoela adierazi du, eta Hezkuntza Departamentua zerbitzu publikoak erasotzeko krisiaz baliatzen ari dela salatu.

NaBaiko Nekane Perezek murrizketak «benetan» behin-behineko neurriak ote diren galdetu dio Iribasi. Era berean, gobernuarentzat hezkuntza lehentasunezko gaia baldin bada murrizketak zertara datozen galdetu du. Kontseilariaren autokritika falta salatu du Ezkerra koalizioko Marisa de Simonek: «hemen ezer ez dela pasa dirudi». Era berean, gizartea orokorrean «haserre» dagoela nabarmendu, larunbateko manifestazioari erreferentzia eginez.

Nafarroako Gobernuko kide den PSNko Pedro Rascon parlamentariak ere gizartean dagoen «kezka» nabarmendu du, eta kezka hori desagerraraztea «gobernuaren esku» dagoela gogorarazi du. PPNko Amaia Zarranzek, azkenik, hurrengo lau urteetan hezkuntzako aurrekontua handitzeko saioa egin dezan galdegin dio Iribasi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.