Bat bestearen ondoan, zentroak pixkana sortuz, horrela osatu dute joan diren hamarkadetan EHU Euskal Herriko Unibertsitatea. Matrizeen gisako egitura du: unibertsitate bat, hiru campus, 31 zentro. Eredua bera ukitu gabe, baina egituran aldaketa handi bat onartu du gaur unibertsitateak. Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak "pauso historikotzat" jo du, eta nabarmendu du unibertsitatea "etorkizunera begira" jarri dela.
Bildu egingo dituzte zentroak: 31 izan beharrean, 19 izango dira. Fisikoki ez da alderik izango —ez dute egoitzarik itxiko—, eta titulaziorik ez dute kenduko. Funtzionamendua aldatuko da: zentro bakar baten eran arituko dira ikastegian batutako fakultateak eta eskolak. Goirizelaiaren arabera, lanpostuetan eta eskaintza akademikoan ere ez du eraginik izango berrantolaketak.
EHUko gobernu kontseiluak ezohiko bilera izan du, berrantolaketa bozkatzeko. Proposamena aurrera atera da, aldeko 28 botoekin —lau aurka, eta hiru abstentzio—. Lau zuzenketa eztabaidatu dituzte; laurak atzera bota ditu gobernu kontseiluak. Ez da azken urratsa izan —Jaurlaritzak eman behar dio baiezkoa—, baina gaurko erabakiak zehaztu du guztia.
ALDAKETA, ZERTARAKO?
Oraingo antolaketak EHUren garapena oztopatzen duela, hori du argudio nagusia Goirizelaia errektoreak: bai kanpora begira —«Espainiako eta Europako sistemako unibertsitateen lehiakortasuna gero eta handiagoa da»—, bai EHUren funtzionamenduan —«eskumenak gainjarrita daude egituretan, eta horrek dakar, besteak beste, baliabideak sakabanatzea eta administrazioko kudeaketan langile gehiegi jardutea»—.
Zentro handiagotan bildu nahi dute unibertsitatea, horrela irakaskuntza eta ikerketa hobetuko direlakoan. «Masa kritikoa» aipatu du errektoreak: gutxieneko irakasle eta ikertzaile kopurua izan behar dutela zentroek. Gaur egun ikastegi batzuetan «masa kritikorik» ez dagoela azaldu du, eta, horrenbestez, berrantolaketa aukera ona dela irakasleentzat, «ikerketa jardueran sartzeko».
LEGEAK BADU ZERIKUSIRIK?
Berrantolaketa justifikatzeko argudioen artean ez du maiz aipatu Goirizelaiak, baina, EHU barruko txostenek diotenez, arauak bete ezinik daude zentro batzuk. Doktoreen portzentajean dago gakoa. EHUk arau bat egin zuen 2012an, zentroak sortzeko eta aldatzeko baldintzak zehazteko. Bi baldintza jarri zituen: zentroko irakasleen %70 doktoreak izatea eta gutxienez 50 maisu-maistra egotea. Errektoretzaren datuek diote 31 zentroetatik hemeretzik ez dituztela betetzen baldintza horiek: seitan ez dago gutxieneko irakasle kopururik; zazpitan, behar beste doktore ez; eta seitan, ez gutxieneko irakaslerik, ez doktorerik. Nolanahi ere, araua zentroak sortzeko edo aldatzeko da; ez die eragiten martxan daudenei. Baina irizpide hori erabili du errektoreak zein zentro bildu zehazteko.
Espainiako Gobernutik irits daiteke benetako muga. Gutxieneko doktore portzentajea zehaztu nahi du Jose Ignacio Wert ministroak: graduko ikasketetan, irakasleen %50ek doktore titulua izan beharko dute; masterretan, %70ek; eta doktoretzan, %100ek. EHUren zentro batzuek arazoak izan ditzakete baldintzak betetzeko. Zeharka aritu da horretaz Goirizelaia —«arazoak izan ditzakegu etxean»—. Aldaketa hori iritsi aurretik egin nahi ditu etxeko lanak.
ZER GIRO UNIBERTSITATEAN?
Aldaketa handia da, eta parte hartze prozesu bat jarri du martxan errektoretzak. Oso eragin ezberdina izan du, ordea, fakultate batetik bestera: aldaketarik ez duten gehienak konforme daude; eragina jasango dutenen artean, zatiketa dago. Hemeretzi zentro dira aldaketa izango dutenak: hamar proposamenaren alde daude; bederatzi, aurka. Kontuan izatekoa da, hala ere, gehiengoaren babesa ziurtatua daukala errektoretzak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiru campusetako batzarretan, aldeko botoa jaso du berrantolaketak. Graduko eta graduondoko batzordeen babesa ere badauka.
ZUZENKETARIK BADAGO?
Proposamenak bai. Lau zuzenketa eztabaidatuko dituzte gaurko gobernu kontseiluan. EHUn pisua duten lau zentrorenak dira eskariak: Bilboko Ekonomia (Sarriko) eta Industria Ingeniaritza Teknikoa (San Mames), Donostiako Enpresaritza, eta Gasteizko Kirol Fakultatea. EHUko beste zentro batzuekin batu nahi dituzte laurak.
Euren fakultateari salbuespena egiteko eskatu dute, antzeko argudioekin: historikoak —Sarrikoko fakultateak, adibidez, 200 urte egitear ditu—, egiturazkoak —zentroak batzearekin kalitatea galduko dela diote—, eta berezitasunak —Sarrikok Bilborekin daukan lotura, Gasteizko kirol fakultateak erreferente izaten segitu behar duela...—. Ikusteko dago zer bide egingo duten zuzenketa horiek. Gaurko bozketan, horiez gain, aztertu beharko dute zein izen jarri ikastegi bakoitzari. Hein batean, zentro bakoitzaren ikusgaitasuna horren araberakoa ere izango da.
SINDIKATUEK ZER DIOTE?
Proposamena aurrera ateratzeko giltzarrietako bat irailean sinatu zuen EHUko errektoretzak: akordioa sindikatuekin. LAB, EILAS eta UGT sindikatuek egin dute hitzarmena. Goirizelaiak berrantolaketa iragarri zuenean, enpleguarekin kezka azaldu zuten sindikatuek, baina adostu dute ez dela izango postu gutxitzerik, lan zama jaisterik edo derrigorrezko lekualdatzerik; gradu ikasketen eskaintzari ere eutsiko dio EHUk.
ELAk ez du sinatu akordio hori. Ohartarazi du prozesu luzeago baten lehen zatia besterik ez dela berrantolaketa, eta errektoreak orain, «proiektu osoak izango dituen ondorioak aldez aurretik jakin eta negoziatu gabe», sinatu asmo duela ituna sindikatuekin.
ETA ERREKTOREAK?
Aldaketa nahitaezkoa dela nabarmentzen ari da Goirizelaia azken hilabeteetan: «Ezin gara autoatseginean murgildu: hobetzen jarraitu nahi badugu, gure egitura egokitu behar dugu». Horrekin batera, baina, ari da bestelako adierazpenak ere egiten. Ohartarazpen itxura ere badute. EHUren egituraz: «Iraganean ainguratutako egiturak mugitu behar dira». Irakasle batzuek ikerketarik ez egiteaz: «Ikerketan sartu behar du unibertsitate komunitate osoak». Irakasleen estatusak sor ditzakeen jokabideez: «Emaitzen araberako lansariak behar dira, ez irakasleen funtzionario mailaren araberakoak». Askatasunez bai, baina garden aritzeaz: «Autonomia eta malgutasuna bai, baina gizartearen aurrean kontuak argi eta garbi emanez». Iraileko adierazpenak dira horiek.
ERAKUNDEEN BABESA BADU?
Eusko Jaurlaritza da gaiarekin lotura duen aktore nagusia, eta bat dator Goirizelaiaren proposamenarekin. Iñigo Urkullu lehendakariak berak babestu du, zeharka, esanez «anbiziotsua eta eraikitzailea» dela. Hezkuntza Sailak berretsi du «bide onean» egindako proposamena dela, eta bat egin du Goirizelaiaren ildoarekin: zentro handiagoak, «masa kritikoa» dutenak. Itziar Alkorta Unibertsitate sailburuordeak beste alde bat jarri du mahai gainean: «Probintzia ikuspegi hutsak gainditzea».
Horrelako aldaketetan azaldu izan dira lurralde gatazkak lehen. Aldaketarekin, Bizkaian erabaki gune gehiago egingo dira —enpresaritzan, lan harremanetan eta osasunean—. Urrutira joan gabe, 2009an, titulazioen mapa moldatu zutenean, Araban piztu zen eztabaida, karrera batzuk kendu zituztelako Gasteizko campusean. Orain ez da horrelakorik gertatu. Badaude aldeak: titulazio gutxitzerik ez da izango, oraingoz behintzat; garai politiko eta ekonomikoak ere aldatu dira, eta erakunde gehienek beren gain hartu dute egiturak txikitzeko beharra.
ONDOREN ZER DATOR?
Zentroak berrantolatu ondoren beste pausorik etorriko ote den ez du argitu Goirizelaiak. Baina uste izatekoa da doikuntzak egiten segitu beharko dutela, unibertsitateko legeetan aldaketak iragarrita baitaude. Madrildik, bi aldetan izan daitezke mugimenduak. Batetik, ikasketen egituran: lau urteko graduak eta urtebeteko graduondoak dira orain, baina hiru urteko graduak eta biko graduondoak nahi ditu gobernuak; EHU horren aldekoa da, baina ez dago ados legea egun bat-batean aldatzearekin. Bestetik, unibertsitateen erreformaren gaia dago; irakasleen eta zentroen egoeran aldaketak egiteko asmoa du Espainiak, baina itxura du aurreragorako utzia duela alor hori —legealdia azken urtean da jadanik—.
EHUk berak ere egin ditzake aldaketak. Gradu eta graduondoen eskaintzan gorabeherak izan daitezke; prozesua sinpletu egingo du egitura txikiagotzeak. Eta EAEko unibertsitate plana. Abenduan adostekoa dute. Datozen urteetarako ildoak zehaztuko dituzte, eta aurreratu dute langileen kontratazio ereduan aldaketa batzuk egiteko asmoa daukatela.