Ikasten segitzea errazteko, agiri bat jasoko dute DBHko titulua ez dutenek

Espainiako Gobernuak errepikatzen dutenen kopurua gutxitu nahi du, baita eskola goizegi uztea saihestu ere

Lanbide heziketan ikasketa gehiago eskainiko dituzte. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Ikasturtea errepikatzea ez dela eraginkorra defendatu izan du Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministro Angel Gabilondok; aukera hori okerra dela. Hori saihestu, eta ikasketak behar baino goizago uzten dituzten ikasleak gutxitze aldera, Espainiako Gobernuak hainbat aldaketa egin ditu Lanbide Heziketan (LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) laugarren mailan. Berritasun nagusietako bat zera da: langile kualifikatuak izateko ikastaroak urtebete aurreratuko dituzte. Etorkizunean 15 urtetik aurrera egin ahal izango dira. Gainera, titulua lortu ez duten DBHko ikasleek gutxieneko ezagutzak dituztela egiaztatzen duten agiri bat jasoko dute. Horri esker, orain baino erraztasun gehiago edukiko dituzte ikasten segitzeko.

Aldaketak atzo onartu zituen Ministroen Kontseiluak, opor aurreko azken bileran. Lanbide Heziketaren kasuan, ikasketa eskaintza handituko dute. Gainera, erdi mailako zikloak egin dituzten ikasleek aukera gehiago izango dituzte goi mailakoak hasteko. Bestalde, DBHko laugarren mailan etorkizunean zer ikasiko duten zehatuz joan beharko dute ikasleek, aukeratzen dituzten hautazko ikasgaien bidez. Internetez ikasteko aukera ere handituko dute, eta administrazio zein enpresekin elkarlana sustatuko. Beranduenera 2012-2013ko ikasturtean jarri beharko dituzte martxan berrikuntza horiek autonomia erkidegoek. Baina nahi dutenek ikasturte honetan bertan aplika ditzakete.

1. Lan hastapenerako programak, lehenago

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lortu ez duten ikasleek oinarrizko ezagutzak jaso dituztela egiaztatzen duen ziurtagiri bat jasoko dute. Agiri horri esker, etorkizunean berriro ere ikasten hasi nahi dutenek ez dituzte jada gaindituak dituzten ikasgaiak egin beharko. Gainera, aukera emango zaie Lanbide Heziketako erdi mailakoziklo bat egiteko. Azken neurri hori indarrean jartzea, hala ere, autonomia erkidego bakoitzaren esku egongo da.

Espainiako Gobernuak, gainera, urtebete aurreratu du langile kualifikatua izateko prestakuntza programetan parte hartzeko aukera. Programa horien xedea da ikasleek ikasketak behar baino lehenago ez uztea, eta lan mundura begira gutxieneko prestakuntza izatea. Orain arte 16 urtetik aurrerako ikasleek har zezaketen parte programa horietan. Hemendik aurrera, berriz, 15 urtekoentzat ere izango dira.

Programa horiek bi ikasturte iraungo dute, eta hiru moduluz osatuta egongo dira. Bi derrigorrezkoak izango dira: prestakuntza akademikokoa eta lan munduari begirakoa. Bestea ikasleek erabakiko dute egin nahi duten edo ez.

DBHko titulua eskuratu ez arren, derrigorrezko bi modulu horiek gaindituz gero ikasleek Lanbide Heziketako erdi mailako gradu bat egin ahal izango dute. Hori bai, eskaintza eskaria baino handiagoa den moduluetan eman ahal izango dute izenak soilik. Gainera, gehienez plazen %30 artean gordeko dituzte haientzat.

Orain arte, Lanbide Heziketa egin ahal izateko, bi aukera zeuden soilik: DBH titulua edukitzea edo 17 urte izan eta LH egin ahal izateko hautaproba bat gainditzea.

2. Lanbide Heziketako zikloetan, malgutasuna

Lanbide heziketako erdi mailako ziklo bat egin duten ikasleek goi mailako ziklo bat ikasteko aukera izango dute. Horretarako, ziklo arteko ikastaro bat egin beharko dute. Egun, batxilergoa gaindituta eduki behar dute, edo goi mailako gradu bat egin ahal izateko hautaproba bat egin.

Prestakuntzarako beste programa batzuk ere jarriko dituzte martxan. Hala, dagoeneko LHko tituluren bat duten ikasleek ezagutzak handitzeko eta osatu ahal izateko programa bereziak eskainiko dituzte. Lanerako inolako kualifikaziorik izan gabe ikasketak utzi dituzten 17 urtetik gorako ikasleentzako prestakuntza programak izango dira beste berritasun bat.

3. DBHko laugarren mailako aukeraketa

DBHko laugarren mailan ikasleek etorkizunean zer ikasi nahi duten erabakiz joan daitezen nahi dute. Hala, hiru aukera izango dituzte. Bi batxilergora bideratuta egongo dira —zientziak eta letrak— , eta bestea, lanbide heziketara. Gainera, hautazko hiru irakasgai berri eskainiko dituzte: Elikadura eta Osasuna; Jarduera Profesionalari Aplikatutako Zientziak eta Ekintzailea Izateko Jarduerak.

Hala, ikasleek bederatzi irakasgai izango dituzte: sei derrigorrezkoak eta hiru hautazkoak. Derrigorrezkoak ondorengoak izango dira: Herritartasunerako Hezkuntza, Soinketa, Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia, Matematikak, Literatura, Euskara —Nafarroan ez da derrigorrezkoa eremu erdaldunean— eta atzerriko hizkuntza bat.

Hautazkoak hiru ataletan egongo dira banatuta: Latina, Musika eta Ikus-entzunezko Heziketa; Biologia-Geologia, Fisika-Kimika eta Teknologia; Elikadura eta Osasuna, Lan Mundura Aplikatutako Zientziak eta Teknologia. Hiru ataletan ondorengo ikasgaiak ere egongo dira aukeren artean: Informatika, Jarduera Ekintzailea eta atzerriko beste hizkuntza bat.

Ikasleek gutxienez atal bakoitzeko bi ikasgai aukeratu beharko dituzten, eta gainontzekoen artean beste hautazko bat erabaki. Egiten duten hautaketaerabakigarria ez bada ere, horren bidez ikasleek DBH amaitu ostean zer ikasi nahi duten argituz joatea nahi du Espainiako Gobernuak.

4. Eskaintza zabalagoa sarean

Enpresa eta administrazioekin elkarlanean birgaitzeko ikastaroak eskaini beharko dituzte. 20 urtetik gorako ikasleek enpresetan prestakuntza egitea ere aurreikusten dute. Ikasleei eskaintzen dieten orientazio eta informazio zerbitzuak ere indartuko dituzte. Bestalde, ehundik gora titulu eskuratzeko aukera emango dute Internetez.

Azken aldaketa horien bidez, ikasleek beharrean hasteko orduan prestakuntza hobea izan nahi dute, eta haien laneratzea erraztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.