Ikasturtea bukatu aurretik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe guztiek Elkarbizitza Plan propioa izan beharko dute. Tresna hori, aurreko gobernuak sortua, derrigorrezko bihurtu zuen egungo Hezkuntza Sailak, eta ikasturte honetan bukatuko da hori egiteko epea. «Planak egitea ez zen derrigorrezkoa, eta gu heldu ginenean 200 ikastetxe baino gutxiagok zuten; egitasmo horri amaiera puntu bat jarri genion guk», zehaztu du Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak.
Zelaak azaldu du planak garatzeko gida bat prestatu zutela, adituen aholkuekin eta planak aurrez eginda zeuzkaten ikastetxeen praktika onekin. Horrez gain, Hezkuntza Sailak Bizikidetzarako Behatoki propioak abiarazteko aholkatu die, ikasturte bukaerarako prest egon behar duten plan horietako ekimenak abiarazteko.
Datorren ikasturterako EAEko Bizikidetzaren Behatokia ere prest egon daiteke, Hezkuntza Sailak bertako egitura aldatu ondoren. Behatokiaren barruan gobernuak pisu «handiegia» zuela uste du Zelaak, eta praktikari lehentasuna eman diotela gaineratu du. «Behatoki pluralagoa egin dugu, beste erakunde batzuei eman diegu lehentasuna, eta eremu praktikoa lehenetsi dugu».
Eztabaida ideologikoak
Arantza Aurrekoetxea EAJko legebiltzarkideak kritikatu du behatokiak duela bi urte martxan egon behar zuela. Bide batez, gizarterako eta hiritartasunerako gaitasuna garatzeko egitasmoetan «eztabaida ideologiko eta mediatikoak» hastea leporatu dio Hezkuntza Sailari, eta hori ez errepikatzea galdegin dio. Zelaak «bidegabetzat» jo ditu kritika horiek, eta bere lantaldeak hezkuntza «DNAn» daramala gaineratu du.
Azkenik, Jose Ignacio Wert Espainiako ministroak Herritartasunerako Hezkuntza irakasgaia kentzeko proposamen «formalik» ez duela egin azaldu du Zelaak. «Ministerioak ez du proposamenik egin; esan duen bakarra da datorren ikasturterako ez duela irakasgai hori nahi».
Ikastetxe guztiek bizikidetza planak izan beharko dituzte abuzturako
Zelaak azaldu du ez dela egin proposamen «formalik» Herritartasunerako Hezkuntza kentzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu