«Uste dugu gaur egun hezkuntza publikoaren etorkizunaren aldeko defentsa hobea egin dezakegula gure postuetan jarraituz gero». ADI Bigarren Hezkuntzako Nafarroako ikastetxeetako zuzendarien elkarteak gehiengo handiz erabaki zuen atzo dimisiorik ez aurkeztea. Nafarroako 60 ikastetxetako zuzendarietatik 50 joan ziren atzo goizean Berriozarko Institutuan egindako batzarrera. Blokean dimisioa aurkeztea zuten aztergai. Horietatik 41ek eman zuten azkenik botoa, eta «gehiengoz» —azken emaitzaren daturik ez zuten eman— karguan jarraitzearen alde egin zuten. Arratsaldean, komunikabideei irakurritako oharrean, ADI elkarteko lehendakari Javier Mangadok Alberto Catalan Hezkuntza kontseilari ohiaren jarrera gaitzetsi zuen.
Ikasturtea amaitzear zela eta Yolanda Barcinaren gobernuak lehen pausoak emateko zituela, Alberto Catalanek erabaki zuen irakasleei eskola orduak 17tik 18ra handitzea. Hezkuntzako sindikatuek kalkulatu dute erabaki horren ondorioz Nafarroako Gobernuak 200 irakasle gutxiago kontratatu dituela aurten. Atzo, ikastetxeetako zuzendariek ez zuten zifrarik eman, baina jakinarazi zuten ikastetxe bakoitzean 18 irakasleko bat kontratatzeari utzi diola gobernuak.
Zuzendarien haserrea batez ere erabaki hori hartzeko moduak eragin du. Izan ere, ekaina amaieran hartu zuen aurreko gobernuak erabakia, aldez aurretik jakinarazi gabe. Javier Mangado ADIko zuzendariak azaldu duenez, Catalanek «iruzur egin zuen,departamentuaren asmoak ezkutatu egin zizkielako ikastetxeei». Hori dela eta, aurretik egindako lan handia «alferrik» galdu zen, eta «ezohiko moduan» zaildu du ikasturtearen hasiera.
ADIko ordezkariek kazetariei azaldu zieten ikastetxeek ikasturte hasiera bermatu badute ere «zailtasunak» izan dituztela. «Gure arazoa izan da langileriaren baldintza aldaketak beranduegi eman zitzaizkigula. Ekainaren amaieran izan zen, oporren bezperan, eta institutuak lan hori egiten martxoan hasten gara», aipatu zuen Carlos Arellano Berriozarko Institutuko zuzendari eta ADIko diruzainak. Normalki, lehentasunen arabera, irakasle bakoitzari dagokio erabakitzea zein ikasle talderi emango dizkion eskolak irailetik aurrera. Behin hori zehaztuta, ordutegiak banatzen dira, eta horrek «bi hilabete inguruko lana» eskatu ohi du. Aurten, ordea, irakasle bakoitzaren eskolak opor garaian zehaztu dituzte, eta ordutegien banaketa presaka egin behar izan dute, irailaren 1 eta 9 artean. «Horregatik, arazoak izan ditugu, baina, azkenean, ikasturte hasieran ez da atzerapenik izan», azpimarratu du Javier Mangadok.
Hori gutxi ez, eta ikasturteko lehen egunean Hezkuntza Departamentuko ikuskariek hainbat ikastetxetara jo eta ikasleak etxera igorri zituzten 11:00 aldera, «15:00etan bidali ordez». ADIk aitortu du Jose Iribas egungo Hezkuntza kontseilariak barkamena eskatu diela aurreko gobernuaren jokamoldeagatik, eta jarrera ulerkorra azaldu du. «Hori dela eta, ez dugu ulertzen ikuskaritzaren jarrera», kritikatu du Mangadok, eta egoera berriz ere ez errepikatzeko eskatu dio Iribasi. Egungoaren pareko baldintzetan, ikuskatzaileek egindakoa «tokiz kanpo» dagoela deritzo.
Deia parlamentuko taldeei
Ikasturte beroa espero da. Atzo bertan Yolanda Barcinak iradoki zuen murrizketa gehiago ezarriko dituela «agian» hezkuntzan. Hori dela eta, ADIko lehendakariak nabarmendu du gastu murrizketa ororen aurka daudela, «ikastetxetako hezkuntzaren kalitateari kalte egiten diolako». Horregatik dei egin diete parlamentuko taldeei zein Nafarroako Gobernuari «hezkuntzaren kalitatean murrizketen ondorioei buruzko gogoeta sakona» egitera.
Ez dute zehaztu murrizketa gehiago ezartzen badira dimisioa aurkezteko prest egongo ote diren edo beste zein neurri hartuko dituzten. Iribasen departamentuak bileren hitzorduak zehaztu dizkie, eta, horregatik, gobernuarekin elkarlanean aritzeko prest azaldu dira. Zuzendaritza taldeek eta irakasleek egunotan egindako ahalegina eskertu du ADIk.
Ikastetxe publikoetako zuzendariek dimisiorik ez ematea erabaki dute
Zuzendari gehienek euren karguetan jarraitzearen alde egin dute, baina hezkuntzako murrizketen aurka azaldu diraNafarroako 60 ikastetxetatik 50 izan dira batzarrean, eta 41ek eman dute botoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu