Ikastetxeetan euskararen erabilera nola sustatu izango du aztergai Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hilaren 17an, Donostiako Miramar jauregian egingo dituen jardunaldietan. Euskara biziago ikastetxeetan, hizkuntza-normalizaziorako proiektuen bidez izango da jardunaldien goiburua, eta Kataluniako esperientzia ere azaldu eta partekatuko dute hara biltzen diren aditu eta entzuleek. Gaiari lotutako liburu bat ere aurkeztuko dute.
Atzo eman zituzten jardunaldien inguruko xehetasunak Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Hik Hasiko Arantxa Urbek. Jardunaldien antolaketa teknikoaz arduratu da Hik Hasi.Ikastetxeetan euskararen erabilera sustatzea helburu izanik, goizean, hezkuntza normalizaziorako proiektuak eskoletan nola landu aztertuko dute. Horren karietara, Altsasuko Institutuko, Zamudioko Herri Eskolako, Orioko Zaragueta Herri Ikastetxeko, Beasaingo Andramari Ikastolako eta Tolosako Hirukide ikastetxeko kideek beren esperientziak azalduko dituzte. Horrekin batera, eta jardunaldiak hasteko, Kontseiluak ikasleak euskalduntzeko duen proposamena aurkeztuko du Paul Bilbaok. Talde lanak ere egingo dira. Arratsaldean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Neus San Marti irakaslea konpetentzia komunikatiboen lanketaz ariko da.
Bilbaok gogorarazi du eskolak garrantzi handia duela euskararen normalizazioan. «Dena den, bizitzako gainontzeko esparruek ere beren zeregina bete behar dute normalizazio prozesuan».
Ikastetxeetan euskara sustatzeko jardunaldiak egingo ditu Kontseiluak
Abenduaren 17an izango dira jardunaldiak, Donostiako Miramar jauregian; parte hartzea doan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu