Patrick Dallennes Baionako suprefetak ikastola berriarentzat lurra emateko deliberoa bertan behera uzteko eskatu dio Beskoitzeko Herriko Etxeari, Lapurdin.
Ikastola hori aurten ireki dute, eskola sartze honetan berean, eta Seaskaren 31. ikastola da. Suprefetaren aginduari jarraikiz, Beskoitzeko Herriko Etxeak ezin dio egoitza publikorik utzi edo eskaini Seaskari.
Suprefetak irailaren 2an igorri zuen gutuna Beskoitzera, zehaztuz itunpeko eskolak direla Seaskako ikastolak, pribatuak alegia, laikoak direla aitortu arren. Ikastetxe pribatuak izaki, laguntza publikorik ezin dutela jaso gogorarazi dio herriko etxeari.
Dallennesek ohartarazi du legeak debekatzen dituela era guztietako laguntzak ikastetxe pribatuentzat. Legearen ikuspegitik, herriko etxeak "saldu" baino ezin dio egin ikastolei. "Merkatuko prezioan", zehaztu du, gainera, salmentak ezin duela prezio sinbolikoa ukan iradokiz.
Beskoitzeko Udalak uztailaren 9an erabaki zuen Seaskako ikastolari lur publiko bat ematea, ikastola egiteko bertan. 520 metro koadroko lur sail bat da, eta, hitzarmenaren zirriborroaren arabera, 300 euro kobratuko zituzkeen herriko etxeak urtean, alokairu moduan.
Ikusirik suprefetak bide horretatik jo zezakeela, ikasturte hastapenean alokaturiko egoitza batean ireki zuen ikastola Seaskak, eta ez Beskoitzeko Herriko Etxeak utzi asmo zuen lurretan.
Azken aginduarekin, Baionako suprefetak agertarazi du Hendaiako ikastola berriaren aurka egindako mehatxua ez zela aldi bateko gertakaria edo erabakia izan. Hendaiako kasua nola bukatuko den zain eta beha daude hautetsiak; ikastolari lokalak uzteak legearen jomugan jarriko ote dituen beldurrez dira.
Hendaiako erabakia, auzitegian
Hendaiako Herriko Etxearen aurkako auzia atzo hasi zuten, hain justu, Pauen. Dallenes suprefetak eskatu zuen bertan behera uzteko ikastola berria egiteko deliberoa. Auzia amaitu arte delibero hori indarrean ez sartzea ere galdegin zuen.
Paueko auzitegiak ondoko hamar egunetan emanen du jakitera bere deliberoa, eta orduan argituko da Hendaiako ikastola berriaren eraikuntzari buruz herriko etxeak egin dituen urratsak legezko joko dituen.
Seaska haurren harrera egiten ari da ikastoletan egunotan. Baina, lehentasun horri ihardetsi ondoren, mobilizaziora joko duela jakinarazi zuen Paxkal Indo Seaskako lehendakariak joan den astean.