Ikastolek ere langileen soldata osoa ordaindu beharko dute

Jaurlaritzaren murrizketarik ezin dutela ezarri deliberatu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak

Erredakzioa
Bilbo
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ez da ustekaberik izan. Otsailaren 15ean gainerako itunpeko ikastetxeen auzian bezala, orain ere arrazoia eman die EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak sindikatuei. Hala, Partaidek eta Eusko Ikastolen Batza-EIBk langileen soldata osoa ordaindu beharko dute, eta ezin izango dute ezarri Eusko Jaurlaritzak agindutako %5eko murrizketarik. Epaia martxoaren 15ekoa da, eta atzo jakin zen. Hark dio ELA eta LAB sindikatuek arrazoia dutela eta ikastolek ezin dituztela jaitsi lan itunean hitzartutako soldatak. Jakina denez, Jaurlaritzak itunpeko ikastetxeen langileen soldatak ordaintzekoekarpenari%5eko murrizketa aplikatu zion, eskola publikoetako langileentzat egin zuen modu berean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastolek 5.000tik gora irakasle dituzte.

Epaia eman duten hiru epaileetako batek, Pablo Sesma auzitegiko presidenteak, boto partikularra eman du, bere iritziz Jaurlaritzak ezin diolako soldatak osorik ordaintzeko duen ardurari izkin egin. Sesmaren arabera, Jaurlaritzak berak eragin du gatazka, eta hark egin behar dio aurre itunpeko ikastetxeek lan hitzarmenean zehaztutako soldatak ordaintzeko ardurari. Izan ere, Sesmaren aburuz, itunpeko ikastetxeak izanda, Jaurlaritzak horretarako erantzukizuna hartua dauka, ikastetxeek administrazioak ezarritako irakaskuntza ildoei jarraitzearen truke.

Espainiako Gobernuak funtzionarioei ezarritako soldata murrizketak dira auzi honen iturria. Madrilek, ordea, ez zuen agindu itunpeko irakaskuntzarako dirua gutxitzeko. Hori dela eta, Jaurlaritza egoeraren erantzule «subsidiariotzat» jotzeko eskatu dute sindikatuek. Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, otsailaren erdian emandako beste epaiaren harira, adierazi zuen epaileek Jaurlaritzari erantzukizun guztia kendu diotela. Eta gaineratu zuen itunpeko ikastetxeek ikusi beharko dutela langileen ordezkariekin nola egin aurre egoera berriari, «beste enpresa askok egin duten bezala». Auzitegiak emandako epaiari helegitea jartzeko aukera dute aldeek orain.

Atzo ezagututako epaiari helduta, hitzarmenak ezarritako baldintzak guztiak betetzeko eskatu die ELAk ikastolei, eta «krisia langileok ordain ez dezaten borrokatzen» jarraitzeko konpromisoa berretsi du.

Itunpekoan ez bezala, ordea, auzitegiak ez ditu aintzat hartu alor publikoan egindako murrizketen aurka sindikatuek jarritako auzi eskeak. Hala, EHUn eta EITBn egindako soldata murrizketak legezkotzat jo ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.