hezkuntza

Ikastolen Elkarteak "aldaketa esanguratsuak" proposatu dizkio Heziberriko curriculumen zirriborroari

"Berrikusketa eta berridazketa sakonak" behar dituela iritzi dio; zirriborroan LOMCEren eragina "nabarmena" dela ikusi du. Elkarlanerako prest agertu da elkartea.

Ikastolen Elkartearen agerraldia, Heziberri egitasmoaz. IKASTOLEN ELKARTEA
2014ko abenduaren 12a
19:17
Entzun

Urriaren amaieran aurkeztu zien Jaurlaritzak eragileei Heziberri 2020 egitasmoari dagokion curriculum dekretuen zirriborroa. Ikastolen Elkarteak, hori aztertu ondoren, hainbat ekarpen egin dizkio. Koldo Tellitu elkarteko lehendakariak adierazi duenez, dekretuak dauden bezala "ezin dira onartu", esku artean dutena nagusiki "LOMCEren aplikazioa" dela uste baitute. Telliturekin batera, agerraldian izan dira Arantza Manterola lehendakariordea, Imanol Igeregi zuzendari nagusia eta Abel Ariznabarreta Hezkuntza arduraduna.

Hainbat "gabezia" ikusten dizkio Ikastolen Elkarteak zirriborroari. Batetik, uste du marko pedagogikotik dekreturako urratsean ez direla lortu "behar bezalako eraginkortasun eta loturarik". Bestetik, ebaluzioaren atalean ere "hutsune berezia" ikusten dute. Azkenik, "berebiziko kezka" agertu dute euskararen eta euskal kulturaren dimentsio espezifikoari buruz: "LOMCE garatzera datorren errege dekretuan agertzen diren edukien aukeraketa bera egin du Eusko Jaurlaritzak, amaieran Euskal Herrian erantsiz".

Zirriborro bat izaki, "hobetu" daitekeela iritzi dio Tellituk, eta haren arabera, "asko" dago hobetzeko, gainera. "Garaiz gaude oraindik euskal curriculuma garatzeko bideari helduko dion dekretua egiteko, hezkuntza eragileok egin dizkiogun ekarpenekin, eta eragileokin lan eginda". Tellituren hitzetan, herritarrek ez dute "edozein irtenbide" onartuko. Era berean, Jaurlaritzari eta  Hezkuntza Sailari "ausardia eta bestelako borondate batean adierazpena" eskatu dizkie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.