Ikastolen «manipulazioaz» ari da Jaurlaritzak eskolarako hautatutako testigantza bat

Ikastolen lana zalantzan jartzen duten biktimen iritziak ez direla «onargarriak» adierazi dio EAJk Isabel Zelaari

mikel lizarralde
Donostia
2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
«Baina ez dezagun geure burua engaina, herri honetan bizitzea etsaitasunezko giro batean ibiltzea da. Denak, ikastolatik hasita, txikitatik, manipulatutako historia batean hazi dira». Aritz Arrieta PSE-EEko Arrasateko zinegotziak 2009ko ekainean, Bakearen Aldeko Koordinakundeak Gasteizen antolatutako biktimen elkartasunerako VIII. jardunaldietan emandako hitzaldian adierazitako hitzak dira. Arrietak ETAren mehatxuak eta jazarpena sufritu izan dituela salatu du behin baino gehiagotan, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bere testigantza jaso du Bizikidetza Demokratikorako Planaren barruan ikastetxeetan lantzeko material berrituaren barruan. Bakerako urratsak unitate didaktikoan, hain zuzen.

EAJk eta Aralarrek egindako eskaerari erantzunez, Hezkuntza Sailak unitate didaktikoetan egin dituen aldaketen gainean azalpenak eman zituen, atzo, Isabel Zelaa sailburuak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Hain zuzen ere, Maribel Vaquero EAJko legebiltzarkideak ekarri zion gogora sailburuari Arrietaren lekukotasuna, haren izena aipatu gabe. Vaquerok esan zuen material didaktikoan «bideratutako testigantzak» daudela, horien artean ikastolen lana zalantzan jartzen dutenak. «Gazteak manipulatzen dituztela diote, eta iritzi hori ez da onargarria».

Horri lotuta, Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak adierazi zuen materialetako batzuk ez direla eskolarako «egokiak», eta ikastetxeetara eramateko, propio jaso beharko liratekeela lekukotasunak, eta ez jardunaldietatik edota liburuetatik ateratakoak. Eskoletara eramateko material didaktikoarekin «sufrimenduaren argazki partziala» aurkeztu izana leporatu zion Aralarreko ordezkariak Hezkuntza Sailari, «azkeneko hamarkadetan herri honek izan duen sufrimenduaren zati bat baztertuta».

Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak, berriz, «biktimen testigantzekin, alde bakarreko bidea» hartu izana leporatu zion Hezkuntza Sailari, eta material didaktikoan eginiko aldaketak «kontsentsurik gabekoak» izan direla salatu zuen.

Testigantzei buruzko bilerak

Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak ukatu egin zuen lekukotasunen aukeraketa «alderdikoia» egin dutela, eta material didaktikoetan eginiko aldaketak «izaera integratzailearekin» egin dituztela adierazi zuen. Aurreko Jaurlaritzak landutako curriculumak erabili ditu Hezkuntza Sailak oinarri gisa, Zelaak esan zuenez, baina bi alderdi «ezinbesteko» gehitu dizkiote materialari, «aurretik epeltasunez jorratzen zirenak: terrorismoaren deslegitimazioa eta biktimekiko enpatia».

Ikastetxeetara eramango duten material didaktikoak hezkuntza komunitatearen «bermea» du Zelaaren iritziz, eta«seme-alabak pertsona onak bihurtzea» du helburu: «Eskola hezitzailea da, eta ezin du indarkeria justifikatuko duen ikaslerik ateratzen utzi». Zelaak azpimarratu zuen biktimen lekukotasunak beharrezkoak direla, «indarkeriaren arrazoiketa objektibatua direlako». Dena dela, Hezkuntza sailburua prest azaldu zen beste lekukotasun batzuk ere gehitzeko materialari, eta horretarako legebiltzarreko taldeekin bilerak egingo dituela iragarri zuen, «bakoitzak bere proposamenak egin ditzan eta zein detaile iruditzen zaizkien alderdikoiak argitzeko».

Txostenaren zain

Biktimen Legean aipatzen ez diren «motibazio politikoko» biktimei dagokienez, oraindik ez dute horiek lekua izango ikastetxeetan. Legebiltzarra haiei buruzko txostena egiten ari da, «baina zeintzuk diren eta zeintzuk ez diren zehaztu arte», ez ditu Hezkuntza Sailak ikasgeletara eramango haien testigantzak. Hala ere, planak jasotzen dituen epaiak aztertuko dituztela, eta horietan «motibazio politikoko biktimak» azaltzen badira, haien lekukotasunak eskoletara eramateko aukera ere egongo dela jakinarazi zuen.

Gainera, material didaktikotik torturari buruzko bibliografia desagertu ordez, zabaldu egin dutela agertu zuen sailburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.