Ikasturtea hasita ari dira hartzen irakasleak, lanaldi laburtuarekin

Nafarroan 350 irakasle gutxiago kontratatu dituzte aurten; sindikatuek salatu dute lana lortu duten asko ordu batzuz arituko direlaMozketak Jaurlaritzak ere egin dituela diote: 2 urteko geletan 20 haur batu ahalko dituzte

Sindikatuek, guraso elkarteek eta ikasleenek deituta, protesta egin zuten atzo Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren atarian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Murrizketa eta protesta artean hasi dute aurtengo ikasturtea ere Nafarroan. Madrilgo gobernuak mahai gainean jarritako mozketa neurri guztiak bere egin ditu Iruñekoak, eta 350 maisu-maistra gutxiago izango dira aurtengo ikasturtean. Horiei gehitu beharra dago iaz lana galdu zuten 250 bat irakasleak. «Eta lanpostua lortu dutenak nola geratu diren ere kontuan hartzekoa da: ordukako kontratuak ari dira orain egiten». Expe Iriarte LABeko ordezkariak jakinarazi du kontratu oso prekarioak eskaintzen ari dela Hezkuntza Departamentua: «Astean ordu bat eta erdikoak ere badaude». Egunotan ari dira kontratuak egiten, ikasturtea hasita dagoela.

Eskolara itzultzeko eguna eta protestei ekitekoa zuten atzo Nafarroan. Sindikatuek, gurasoen elkarteek eta ikasleenek bat eginda antolatu dituzte protestak. Goizean, ikastetxe atarietan batu ziren, eskolak hasi aurretxoan; eguerdian, Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren atarian. Gaur-biharretan ere ikastetxeetan protesta egitera dei egin dute.

Bi bidetatik ari dira murrizketak egiten Nafarroan, Espainiako Gobernuaren errezetari segituta: irakasleei eskola ordu gehiago jarri dizkiete —Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan 25 izango dituzte, ez 23; Bigarren Hezkuntzan, 20, ez 18—, eta ikasle gehiago pilatu dituzte geletan —Lehen Hezkuntzan, 27 ume sartu ahalko dituzte, lehen baino bi gehiago; DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere bi gehiago: 32—. Irakasle gutxiagorekin moldatzeko bidea jarri dute neurri horiek. Baina kalitatea kaskartzea ekarriko dute nahitaez, eragileen ustez: «Aukera berdintasunaren bermea izan da hezkuntza publikoa, eta horren aurka aurrekaririk gabeko erasoa egiten ari dira».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dituzte ezarri Espainiako Gobernuaren mozketak. «Paperaren gainean ez», ohartarazi du EILAS sindikatuko ordezkari Iñaki Izagirrek. «Madrilgo neurriak ez ditu ezarriko Eusko Jaurlaritzak, baina bai antzeko batzuk. Isabel Zelaa sailburuak berak esan du: 6.800 ikasle gehiago egongo dira aurtengo ikasturtean, eta baliabide berberak jarri dituzte».

Baliabide berberak badaude, nola erantzun ikasle gehiagori? Izagirreren esanetan, ratioak igo egin ditu Jaurlaritzak: «Haur Hezkuntzan, 2 urtekoen geletan, gela bakoitzean 20 ume ere pilatu ahal izango dituzte, 18ren lekuan. Iaz hasi ziren hori egiten, eta aurten ia orokortu egin dute». Legezko zirrikituak ere baliatu dituzte: ikasle kopuru maximoa %10 gainditzeko aukera badago ikasturtea hasita iristen diren ikasleak badaude. Hasterako erabili dute gehigarri hori, EILASek dioenez.

Ordezkoekin dago beste auzia. Madrilek proposatu du irakasleren bat falta denean bi astean ez hartzea ordezkorik. Nafarroako Gobernuak bere egin du neurria; Jaurlaritzak, ez. Izagirre: «Gaur egun, lau-bost egun igaro arte ez dute ordezkorik bidaltzen. Eskolako bertako gainerako irakasleek hartu behar dute ardura, beste zereginetarako denbora galduz».

Eskola orduak gehituta eta falta direnen hutsunea bete beharrean, ikasleei banaka kasu egiteko eta horrelako zereginetarako denbora gutxiago izango dute eskoletan. «Errefortzuetan, behar bereziak dituzten ikasleei laguntzeko orduetan eta horrelakoetan eragina izango dute mozketek», ohartarazi du EILASeko kideak. Iriartek ere hori salatu du, Nafarroako egoera gogoan: «Heziketaren kalitateak ondorioak pairatuko ditu, nahiz gobernuak ukatu».

Postu guztiak bete gabe

Ikasturtea atzo hasi zuten Nafarroako eskola gehienetan, baina oraindik lantaldeak osatzeko dituzte zenbaitetan, orain ari direlako kontratuak egiten, ordukakoak gehienak. «Uda aurretik postu batzuk bete gabe utzi zituzten, irailean emateko. Udako hilabeteak ez dizkiete ordaindu hartara. Iaz gertatu zen, eta aurten ere bai: eskoletan badakite zenbat irakasle gutxiago dituzten, baina oraindik lanpostuak hartzeko daude». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan estudiante gehienek gaur dute motxilak zabaltzeko lehen eguna.

Egoera horretan, protestekin aurrera segituko dute. Nafarroan bilerak egiten hasita daude sindikatuak, eta abertzaleek begiz joa dute irailaren 26rako deialdi orokorra; aurrekoan, gainerako sindikatuak batu ziren deialdira Nafarroan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, grebaz gain, bozak daude egutegian. Izagirre: «Itxaropenik ez dugu orain ezer aldatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.