Zenbait neurri hartu dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasturte berria segurtasunez has dadin. Batik bat, ikasgelak berregituratu dituzte, eta txikitu egin dute talde bakoitzeko ikasle kopurua, distantzia fisikoa gordetzea helburu. Gainera, unibertsitateko ikasle guztiek maskara jantzita eduki beharko dute une oro, baita ondokoekin metro eta erdiko tartea gorde daitekeenetan ere.
Hasi berri den ikasturteko saio guztiak aurrez aurrekoak izan daitezen lehenetsi dute NUPen. Dena dela, iragarri dute neurri bereziak hartuko dituztela pandemiaren eboluzioak hala eskatzen badu. Unibertsitateak ohar batean adierazi duenez, egoerak nabarmen okerrera eginez gero ikasgela hibridoak prestatuko dituzte, saioen zuzeneko emisioa ahalbidetzeko, eta, premiazkoa bada, online irakaskuntzari helduko diote berriz, udaberriko itxialdian gertatu bezala.