Baionako Ikea saltegia egiteko inkesta publikoa abian da, airearen kutsadurak eragin ditzakeen arazoak kontuan hartu gabe. Hori adierazi du CADEk, ingurumenaz arduratzen den elkarteak. Izan ere, Baiona, Hiriburu eta Mugerreko lurretan kokatzen da xedea, Lapurdiko A-63 eta A 64 autobideen loturatik 30 metro ingurura. Legeak kutsadura neurtzeko agintzen du, gehienezko kopurua jarriz. Kopuru hori bikoiztu eta hirukoizten dela dio CADEk, eta prefetari leporatu dio hiru herriko etxeek abiatu prozedura ontzat hartu izana, ingurumen arloko ikerketak kontuan hartu gabe.
«Sei bideko autobide baten eta lau bideko beste baten artean 1.100 langile ukanen dituen saltegi bat kokatzea eromena da, langileen osasuna arriskuan jartzen duelako», erran du Martine Bouchetek, Mugerre Cadre de Vie elkarteko presidente eta CADEko kideak.
Alta, Baionak, Hiriburuk eta Mugerrek Ikea eraikitzeko baimena eskatu zuten, arrazoituz egindako ingurumen azterketetan ez dela kutsaduraren maila gainditu. Bouchetek jakinarazi du airearen kalitatea neurtu zelarik A-63 autobidean lanak egiten ari zirela, anitzetan bide bakarra zegoela norabide bakarretan eta, ordu batzuetan itxirik egoteaz gain, abiadura orduko 90 kilometrora mugatua zela. Gainera, prefetak Ikea enpresaren gain utzi zuen 2025. urterako zirkulazioaren aurreikuspena. CADEk salatu du ikerketa hori ez dela errealitatean oinarritu, enpresak egindako iragarpenetan baizik.
Ikea egin nahi duten eremuan airea kutsatua dago, CADEk salatu duenez
Lapurdiko A-63 eta A-64 autobideetatik 30 metrora eraikitzeko xedea du Ikeak, kontuan hartu gabe kutsadura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu