Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuaren Barne ministroak gaur esan duenez, Iker Beristain Gutierrez da atzo Paristik gertu etakidea delakoan atxilotu zuten lagunetako bat. Beristainekin batera, beste lagun bat atzeman zuen Frantziako Poliziak, eta ez dute oraindik honen izenik eman.
Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) herenegun ustezko hiru etakide atxilotu zituztela-eta, Rubalcabak adierazi du ETAk "gaur edo bihar" atentatua egin nahi zuela, "biktimak eraginez". Haren ustez, ETAk horretarako Frantziako Poliziak astelehenean atzemandako furgoneta erabiliko zuen, 140 kilo lehergairekin.
Javier Balza Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo sailburuak, berriz, Ertzaintzak ez ezik beste poliziek ere ETAk atentatu bat "berehala" egin dezakeela uste dutela esan du. ETAk iazko abenduaren 30ean Madrilen egindako atentatuaz geroztik hipotesi horrekin dabiltzala adierazi du Balzak, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.
Madrilgo eraso hartatik ustezko etakide batzuk armekin eta informazioarekin atxilotu izan dituztela aipatu du, "eta hori kontuan hartu behar da".
"ETA saiatzen ari da, saiatzen segituko du, eta uneoro prest izan behar dugu aurre egiteko", esan du Balzak.
Atxiloketa
Iker Beristain Gutierrez da atzo Paristik gertu atxilotu zutenetako bat
Ustezko etakidea delako atzeman zuten, beste lagun batekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu