Meaux Frantziako espetxean 26 egunez gose greban egon diren lau euskal presoek utzi egin dute protesta, Laurence le Vert epaileak Jare alaba jaioberriaren bisita izateko baimena eman baitio Iker Beristain presoari.
Irailean jaio zen Jare, Naia Kortabitarte eta Beristainen alaba. Sortu bezain pronto, NANa eta Familia Liburua egin zizkioten umeari, eta agiri horien kopiak bidali Le Vert epaileari. Frantziako Estatuan epaileek onartzen dituzte presoen bisiten zerrendak, eta aitak alabarekin ahalik eta azkarren biltzeko aukera izan zezan, bizkor bete zituzten paper guztiak.
Baina asteak aurrera egin eta honen erantzunik jasotzen ez zutela ikusirik, abokatuengana jo zuen amak. Le Vertek abokatuekin izandako elkarrizketa batean jakinarazi zien bere erabakia. Frantziako Estatuko kartzeletan aurrez aurrekoak ez daudela argudiatuta eta sexu harremanak ezin direla izan esanda, Beristainen aitatasuna zalantzan jarri zuen epaileak. Informazio gehiago behar zuen, nonbait. "Familia liburuan alaba berea dela agertzen da: zer beste froga behar ditu?", salatu zuen Kortabitartek. "Beste froga bat, biologikoa edo dena delakoa, ez digu eskatu ere egin". Erabakia arbitrarioa dela uste zuen, beraz, Beristainen neska-lagunak.
Epailearen erabaki haren berri izan dutenetik, Meauxeko espetxean dauden Iñaki Arietaleaniz, Beñat Aginagalde eta Alex Uriarte presoek 26 egun egin dituzte gose greban, Beristainekin batera. Lau presoek hamabi kilo inguru galdu dituzte baina, egindako froga medikuen arabera, ez dute sintoma larririk.
Getxon bizi dira Beristainen bikotekidea eta alaba, Meauxeko espetxetik 974 kilometrora.
euskal presoak
Iker Beristainek badauka kartzelan alaba jaioberria ikusteko baimena
Meaux espetxeko euskal presoek 26 eguneko gose greba egin dute epaileak ez ziolako hari haurra ikusteko aukerarik ematen. Gaur eman du baimena Le Vertek eta presoek protesta utzi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu