Iker Rodrigo Sortuko kideak ukatu egin du Xabier Lopez Peña presoa zenaren gorpuaren harrera antolatu zuela Loiuko aireportuan. Senitartekoei "kontsueloa" ematera joan zela esan du, Espainiako Auzitegi Nazionalean bere kontra hasi den epaiketan.
Xabier Lopez Peña presoa zenaren harrera antolatzea leporatzen diote Rodrigori. Fiskaltzaren arabera, "terrorismoa goratu" zen ekitaldi hartan. Hori dela eta, urte eta erdiko kartzela zigorra eta hamabi urteko kartzela zigorra eskatu du Sortuko kidearentzat. Sorturen arabera, "jazarpen ideologikoa" baino ez da gaurko epaiketa, eta adierazi du "agerian" uzten duela justizia erakundeen "erabilpen politikoa".
Lopez Peñaren gorpuari 2013ko apirilaren 12an egin zioten harrera, Loiuko aireportuan. Fiskaltzaren arabera, Sortu alderdiak erabiltzen duen Twitter kontu ofizialak eman zuen harreraren berri, eta "terrorismoa goratu" zuten ekitaldian Gora ETA eta gisako leloekin. Hiru egun geroago atxilotu egin zuten Rodrigo. Lopez Peñaren familiak segituan kaleratu zuen oharra, eta azaldu zuen beren senidearen harrera ez zuela Sortuk antolatu, eta beste ezein taldek ere ez.
Gazteen epaiketaren azken saioa
Arratsaldean amaituko da Auzitegi Nazionalean Ernaiko zazpi kideren eta Topatu.info-ko kazetari baten aurkako epaiketa, defentsaren hitzaldiarekin eta fiskalaren zigor eskaerarekin. Saioa 15:30ean hasiko da. 2013ko Gazte Danbadaren harira ari dira epaitzen zortzi gazteak. Terrorismoa goratzea leporatzen diete.