Eusko Jaurlaritzak kanpoan lanean ari diren goi mailako euskal ikerlari gazteen itzulera bultzatu nahi du. "Harrobi bat" sustatzea da helburua, Itziar Alkorta Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak azaldu duenez. Horretarako, Research Fellow programa jarri zuten martxan iaz Ikerbasquerekin elkarlanean, eta dagoeneko berrogei lagun hartu dituzte. "Euskadiko unibertsitate eta ikerketa zentroetan ari dira lanean", jakinarazi du Alkortak.
Aurrerantzean, baina, 25 ikertzaile gehiago kontratatzeko asmoa dute, eta deialdi berria ireki dute gaur. Interesa duen orok izena eman dezake Internet bidez martxoaren 31ra arte. Baldintza bakarra ikerketaren alorrean hiru eta hamar urte arteko eskarmentua izatea da. Hasiera batean, bost urteko kontratua eskaintzen du Ikerbasquek. Halere, ikerlariaren "gaitasun, lidergo eta heldutasun zientifikoaren" arabera mugagabea bihur daiteke, Ikerbasqueko zuzendari Fernando Cossiok nabarmendu duenez. Orotara, ehun ikerlari gazte erakartzea espero dute 2013tik 2017ra arteko tartean.
Research Fellow egitasmoa Europa osoko hirurogei programaren baino gehiagoren artean hautatu da. Europako Batzordeak zazpi milioi euro jarri ditu proiektua finantzatzeko, eta Eusko Jaurlaritzak, beste zazpi.