Mikel Zabalza nola hil zen argitzeko ikerketan ezin duela aurrera egin argudiatuta, auzia «behin-behinean» artxibatzea erabaki du Donostiako Probintzia Auzitegiak. Akusazioen arabera Zabalzaren heriotzaren errudun diren zortzi guardia zibil ez auzipetzea 2009ko apirilean erabaki zuen auzitegiak -Zabalza atxilotu eta inkomunikatuta zeukaten bitartean bainera eginez hiltzea eta handik Bidasoa ibaira eramatea egozten die akusazioak-. Eta urte bereko maiatzean batere auzipeturik gabe itxi zuen sumarioa. Uztailean hartutako erabakia den arren, atzo jakin zen auzitegiaren hurrengo urratsa: auzia artxibatzea.
25 urteko ikerketaren ostean, Zabalzaren heriotzaren inguruko hiru hipotesiak indarrean daudela dio Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko 1. Sekzioak -Zabalza Bidasoan itota hil zela; beste nonbait itota hil eta gero eraman zutela Bidasora; edo beste nolabait hil eta eraman zutela Bidasora-. Nolanahi ere, ikerketako bideak «agortu» ostean, haietan aurrera egiterik ez dagoela dio, eta, beraz, auzia itxi egin behar dela. Erabaki horri helegitea jarri zioten akusazioek, baina ez dute onartu.
Bertsio ofizialari sostengua emanda itxi zuen auzia auzitegiak 1988an. Alegia, goizeko seietan, hiru guardia zibilek Zabalza Endarlatsara eraman zutela «bere kasa» aitortutako zulo bat miatzera, eta han guardia zibil bat belaunarekin ostikoz jo ostean ihesari eman ziola, sastraka artetik behera Bidasoa ibaira, eta han ito zela. Urpekariak gorpuaren bila ibili ziren toki hartan, baina ez zen agertu. Hogei egun beranduago, Guardia Zibilak «topatu» zuen, esandako tokitik 150 bat metrora.
1995ean, berriz ireki zuten auzia, El Mundo egunkariak GALen kontrako artikulu sortan argitaratu baitzuen Felipe Bayo Leal eta Enrique Dorado Villalobos guardia zibilek hil zutela Zabalza, bainera egiten ari zitzaizkiela eta gero eraman zutela Bidasora. Lasa eta Zabala bahitu, torturatu eta hiltzea egotzita zigortuetako bi dira Dorado eta Bayo.
Auzia ireki ostean, froga eta lekuko gehiago ere aurkeztu zituen akusazioak. Artikuluak idatzitako kazetariei eta akusazioen arabera errudun eta lekuko izan zitezkeenei deklarazioa hartu ostean, ordea, epaileak ebatzi zuen zazpi guardia zibilak auzipetzeko arrazoirik ez dagoela. Izan ere, iturriak ez aipatzeko sekretu profesionalera jo zuten kazetariek, eta inputatuen hitzak haienak baino gehiago balio duela argudiatu zuen -kazetariak erreferentziazko lekukoak direlako, eta ez lekuko zuzenak-. Akusazioek aurkeztutako gainerako frogek ere bertsio ofiziala hankaz gora botatzeko ez dutela balio dio.
Auzitegiko medikuek 1996an egindako txosten baten arabera, Zabalza Bidasoan ezin zitekeen hil. Auzitegiak auzia artxibatzeko erabakiaren berri ematen duen autoan hau dio: «Plano zientifikoan heriotza Bidasoaren ezaugarriak dituen toki likido batean sartuta gertatu zela baieztatzea ezinezkoa den arren, ezin da kausazko hipotesi hori baztertu».
Txosten horrekin, 1988an auzia artxibatu aurretik epaitegiak kaleratutako autoei balioa kentzeko eskatu zuen defentsak. Ezetz dio auzitegiak, «kausazko hipotesia» ez delako baztertu.
Perote koronelaren deklarazioei ere balioa kentzen die auzitegiak. Haren ziegan elkarrizketa baten transkripzioa topatu zuten, eta bertan Pedro Gomez Nieto kapitainak aitortzen zuen Zabalza torturatua izaten ari zen bitartean hil zela. Elkarrizketa hori grabatutako zinta bat CESIDen dagoela deklaratu zuen Perotek, baina Eduardo Serra defentsa ministroak ukatu egin zuen halako zintarik zegoela.
Artxiboaren autoari ez dago helegiterik jartzerik, eta froga berririk aurkeztu ezean, ez dute auzia berriz irekiko.
Ikerketa «agortuta» dagoela esan, eta Zabalzaren auzia artxibatu dute
Akusazioak Zabalzaren heriotzaren errudun egiten dituen guardia zibilak auzipetzeko arrazoirik ez dagoela dio Auzitegiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu