Epailearen erabakia "erabat onartezina eta lotsagarria" dela uste du elkarteak: "Herritarrek justizia administrazioan parte hartzea eta herritarren interesak defendatu ahal izatea saihestu nahi du erabaki honekin. Jarrera hau benetan larria eta kezkagarri dela uste dugu".
Gidarik azpimarratu du bi auziak jada martxan daudela eta "berez, herri akusazio gisa aurkezteak ez diola justiziari kostu gehigarririk eragingo. Herritar gisa ulertzen dugu Justiziak ustelkeria zantzuak dauden kasuetan, ikerketa muturreraino eraman dadin bideak zabaldu behar dituela eta ez ikerketarako oztopoak jarri".
Egoera honen aurrean, epailearen erabakiaren aurka helegitea aurkeztuko dutela jakinarazi dute, "ulertezina" iruditzen zaielako herritarrez osatutako elkarte bati ikerketan parte hartzea oztopatzea: "Auzi honetan herritarren dirua dago jokoan, herritarren 30 milioi euro, eta onartezina da herritarrei ikerketa horren berri izateko oztopoak ezartzea". Hori horrela, aurrera egiteko bideak zabaltzeko asmoa dutela ohartarazi dute, eta kontu korronte zenbaki bat zabaldu dute epaileak helegitearen erantzuna ematean ezarri ditzakeen balizko bermeei aurre egiten laguntzeko.