Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak ikerketa batzorde bat sortzeko agindu du, Donostiako Anoetako estadioan euskal selekzioaren partidan gertatutako istiluen aurrean Ertzaintzak izandako jokabidea aztertzeko.
Beltran de Herediak gaur egin du aurreneko bilera Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagarekin eta Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondorekin. Hain justu, gaur argitaratu du Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialak haien izendapena. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, lehen erabakia izan da Ertzaintzak joan den larunbateko partidan izan zuen jarduteko modua aztertzeko batzorde bat sortzea. Hobetu beharreko puntuak antzeman eta jarduteko protokoloetan txertatzea da helburua, Segurtasun Sailaren arabera.
Partidan, bengalak eta aulkiak jaurti zituzten hainbat jarraitzailek estadioko pistara. Ertzaintza oldartu, eta hamalau polizia zauritu ziren. Bi zale atxilotu zituzten. Beltran de Herediak Eusko Legebiltzarrean azalpenak emateko eskatu dute PSE-EEk eta PPk, eta zelaira sartzeko kontroletan "akatsak" izan zirela nabarmendu zuen EH Bilduk.