Altsasuko auzia azaltzeko asmoz Bruselan dira Bel Pozueta, Edurne Goikoetxea eta Haizea Ramirez de Alda, hiru auzipeturen amak, Altsasuko gurasoak taldearen izenean. Konferentzia emango dute arratsaldean, eta hainbat europarlamentarirekin biltzekotan ere badira. Goizean, gainera, prentsaurrekoa eman dute europarlamentari horietako batzuek deituta —Marina Albiol (IU), Izaskun Bilbao (PNV), Xabier Benito (Podemos) eta Josu Juaristi (EHBIldu)—.
Gurasoak eskertuta agertu dira babesa eman dietenetik. Jaione Carrera abokatua ere han da, eta prentsaurrekoan azpimarratu dute ez dutela inpunitaterik eskatzen, "ikerketa neutral eta zorrotza" baizik. Izan ere, ez dela halakorik egin uste dute, eta horixe azaltzen saiatu dira prentsaurrekoan ere, auziaren nondik norakoen berri emanez. "Justizia eskatzen dugu, giza eskubideak, Europaren eraikuntzaren motore izan diren oinarrizko eskubideak eta berme demokratikoak".
Taberna batean gertatutako borroka batengatik hiru gazte ia zortzi hilabetez espetxean dauzkatela ohartarazi dute, preso arriskutsuenei jartzen zaizkien baldintzak jarri dizkietela, eta auziak orain arteko martxa jarraitzen badu, hamar eta hamabost urte bitarteko zigorra jaso dezaketela. Hori "neurriz kanpokoa" dela salatu dute, gainera. Beraiek ezagutzen dituzten antzeko auzi guztiak zigor txikiagoekin, kalte ordainekin eta isunekin konpondu direla azpimarratu dute. Baina salatu dutenez, beraiek "kanpaina mediatiko bortitza" jasan dute.