Prozedura Kriminaleko Legearen erreformaren aurreproiektuari oniritzia eman dio Espainiako Gobernuko ministroen kontseiluak. Lege egitasmo horren arabera, delituak ikertzeari utziko dio instrukzio epaileak, eta lan hori fiskalak hartuko du.
Gainera, ikerketa bat abian denean ez dira atxilotuen irudiak eta izenak zabalduko, eta fiskalaren esku egongo da prozesuari buruzko informazioa ematea. Modu horretan, «gehiegikeriak» saihestu eta atxilotuen «errugabetasun presuntzioa» babestu nahi da, Francisco Caamaño Justizia ministroak azaldu duenez.
Legearen aurreproiektuarekinatxilotuen eskubideekin zerikusia duten hainbat artikulu aldatu nahi ditu gobernuak, «terrorismo» delituekin zerikusia duten atxilotuekin lotutakoak salbu. Inkomunikazio aldia, esaterako, «terrorismo kasuetan» soilik luzatu ahal izango da. «Terrorismoarekin» zerikusia ez duten kasuetan, ordea, epaileak 72 orduan erabaki beharko du atxilotuaren egoeraren inguruan, lege erreformak dioenez.
Horrez gain, auzien instrukzio fasearen epea urtebeteramugatu nahi du gobernuak. Terrorismoarekin eta antolatutako krimenarekin zerikusia duten delituen kasuetan, ordea, instrukzio fase hori luzatzeko aukera zabalik utziko du. Atxilotuen eskubideak «babeste» aldera, epailearen baimenarekin bakarrik esku hartu ahal izango da atxilotuen komunikazioetan. Era berean, abokatuaren eta atxilotuaren arteko elkarrizketak entzutea edo grabatzea debekatuta egongo da, baina baimenduta egongo da atxilotuak «terrorismo delituekin» zerikusia duelako zantzurik baldin badago.
Prozedura Kriminaleko Legea 1882an sartu zen indarrean, eta ordutik ez du aldaketarik izan. Lege erreformaren aurreproiektua legealdia amaitu baino lehen aurrera atera nahi du gobernuak, eta horretarako Kongresuko taldeen babesa lortzea espero duela esan du Caamañok.
Ikerketak fiskalaren esku utzi nahi ditu gobernuak
Prozedura Kriminaleko Legea aldatzeko aurreproiektua onartu du Espainiako ministroen kontseiluak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu