Ikerketan aurrera egin arren, gehiago inbertitu behar dela diote adituek

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikerketan diharduten erakundeek bilera egin dute, sektorea aztertzeko

Ikerketan diharduten unibertsitate eta enpresetako ordezkariak bildu zituen atzo Ikerbasquek. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten den ikerketa zientifikoaren bilakaera «positiboa» izan da azken hamarraldian, «baina oraindik hobe daiteke». EAE Euskal Autonomia Erkidegoan zientzian eta ikerketan diharduten zentroek eta erakundeek atzo Bilbon egindako bileran ondorioztatu zutenez, «ezinbestekoa» da I+G+Bn (ikerketa, garapen eta berrikuntzan) dagoen inbertsio publikoari zein pribatuari eustea, «krisian egon arren».

Urtean behin biltzen dira ikerketako erakundeak, EAEko egoera aztertzeko eta etorkizunerako erronkak ezartzeko, Zientziaren Euskal Behatokiaren datuetatik abiatuta. 2010eko txostenaren arabera, produkzio zientifikoa hazi egin da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 2003 eta 2008 artean, %73 igo zen. Produkzio horren %70 nazioarteko aldizkarietako argitalpenak dira; 2010ean 3.000 ikerketa publikatu zituzten.

Zer ikertzen den aztertzean ere, bilakaera antzeman du behatokiak. EAEko jarduna zientzia klasikoetan oinarritu izan den arren —fisika eta kimika, esaterako—, gizarte zientzietara zabaldu da azken urteetan. EHU Euskal Herriko Unibertsitatea da «EAEko agente zientifiko nagusia»; bertan lan egiten dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikertzaileen %52k; eta, besteak beste, zientzian eta teknologian diharduten 39 enpresaren sorreran parte hartu du. 2002 eta 2008 bitartean 1.840 ikertzaile berrik aurkeztu zuten doktore tesia euskal unibertsitateetan; hor ere EHUk egin zuen ekarpen handiena.

Baina ez da nahikoa. Azken urteetan sektoreak hazkunde nabarmena izan duen arren, datu batzuek agerian uzten dute oraindik bide luzea geratzen dela egiteko. Adibidez, ikertzaile ratioek: 2000tik 2008ra I+G+Bn ziharduten pertsona kopurua %69 igo zen arren, EAEko biztanleria aktiboa kontuan hartuta, sektorean lan egiten zutenak ez ziren %1era heltzen (%0,94) —Finlandian eta erreferentziako herrialdeetan %2tik gorakoa da portzentajea—.

Adituen aurtengo bilerak Ikerbasque Euskal Zientzia Fundazioaren bosgarren urteurrenarekin bat egin du. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eratu zuen, sektorea bateratu eta indartzeko. Ordutik, inbertsioak gora egin du, eta ildo horretan jarraitzeko asmoa agertu izan du Isabel Zelaa sailburuak, ikerketa eta zientzia «geroaren funtsa» direlakoan.

Joera horrekin bat egin zuten atzo Ikerbasqueren egoitzan elkartutako 30 adituek. Eusko Jaurlaritzako, Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariez gain, ikerketa zentroetako arduradunak izan ziren bertan, besteak beste, BioGUNE, NanoGUNE edota DIPC Donostia International Physics Centerrekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.